Tarifa elektrikoaren inguruko informazio espedientea helarazi dio Europak Espainiari

PPk eta EAJk EAEko industriarako adostutako argindarraren merkatzeari informazio espedientea helarazi dio Europako Batzordeak Espainiako Energia Ministerioari, Kataluniako arartekoak jarritako salaketaren harira.

Alvaro Nada ministroa, gaur goizean, Bilbon. MIGUEL TOñA / EFE
Iosu Alberdi.
2018ko otsailaren 12a
15:21
Entzun

Estatuko Aurrekontu Orokorren harira, EAJk eta PPk iaz lortutako akordioak euskal enpresen faktura elektrikoa murriztea zuen puntuen artean. 2018. urtea hastearekin jarri behar zen martxan, baina, horretarako, Estatuko Aurrekontu Orokorrak onartzearen zain dago Madril. Espainiako Energia ministro Alvaro Nadalen arabera, ordea, prebentzio demanda batek tarifa elektrikoaren aldaketa zaildu dezake. Bilbon egin ditu adierazpenak, MTE Munduko Turismo Erakundearen kontseilu exekutiboaren bilera Bizkaiko hiriburuan egiteko hitzarmena sinatzean.

"Uste dugu operazio on bat dela, energia kostuen murrizketak politika industrialarentzat lagungarria delako", azaldu du ministroak. Halere, Europako Batzordeak eta Merkatuen Batzorde Nazionalak aldaketari baietza eman behar diotela esan du Nadalek. Oraingoz informazio espediente bat helarazi dio Europako Batzordeak gobernuari. Kataluniako arartekoak jarritako salaketa baten harira egin dio eskakizuna. Arartekoaren ustez, aldaketa horrek euskal enpresei abantaila emango lieke. Halere, Nadalek "estatu laguntza bat" izatea ukatu du: "Euskal industria babesteko neurri on bat da".

Neurriak aurrera jarraitzeko, ordea, aurtengo aurrekontu orokorrak onartu behar direla azpimarratu du ministroak. Nadalen arabera, aurrekontu horiek nork babestuko dituen da galdera. Izan ere, Espainiako Gobernuak EAJren babesa lortu nahi du horretarako.

Akordioak elektrizitate tarifaren aldaketa ekarriko luke Hego Euskal Herriko enpresentzat, besteak beste, siderurgian, altzairutegietan, zementu fabriketan eta paper lantegietan. Egun 30.000 volteko sareei lotuta daude enpresa horietako asko —inguruan potentzia handiagoko sarerik ez dutelako—, eta 28 euro ordaintzen dute megawatt-ordua. Prezioa nabarmen jaitsiko litzateke adostutakoa aurrera ateraz gero, 16 eurora.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.