Nekazaritza politika bateratuak (NPB) «berdeagoa» izan behar du eta laguntzak beste era batera banatu behar ditu. Horiek dira Dacian Ciolos Nekazaritza komisarioak egindako proposamenean nabarmentzen diren puntuetako bi. Europako Batzordeak atzo aurkeztu zuen NPBren erreformarako proposamena. 27 herrialdeei dagokie orain onartzen dituzten edo ez erabakitzea. Sektorea mesfidati agertu da Ciolosek planteatutako neurriekiko.
Eskubide historikoak alde batera
Laguntzak emateko eskubide historikoak hartzen dira kontuan gaur egun. 2000. eta 2002. urteen artean herrialde bakoitzak zenbat ekoitzi zuen ikusten da, eta horren arabera egiten da diru laguntzen banaketa. «Sistema horrek eraginkortasuna galdu du, jendearentzat ez da ez sinesgarria, ez zilegia», esan du Ciolosek.
Laguntzak hektareako izatea proposatu du, hau da, tarifa finko moduko bat guztientzat. Etxalde bakoitzak urtean gehienez ere 300.000 euro jaso ahal izango ditu, enplegua sortzen badu soilik gaindituko da muga hori. Dirua aktibo jarraitzen duten nekazariei soilik emango zaie. Lurjabe handiei egingo die kalte neurriak. Dena den, sektorearen bideragarritasuna «aniztasunean» babestu behar dela dio Nekazaritza komisarioak.
Hala, laguntza berezi batzuk ere onartu ditu: herrialde bakoitzak dagokion diruaren %2 erabili ahal izango du gazteei landa eremuan instalatzen laguntzeko —hiru nekazaritik bik 55 urtetik gora dituzte gaur egun—. Nekazaritzarako gune ezegokietan daudenei ere lagundu ahal izango diete estatuek, laguntzetan dagokien diruaren %5ekin.
Ekonomia ekologiari eskua emanda
«Urteetan mugarik gabe ekoitzi da, ekosistemen errealitatea eta hauskortasuna kontuan hartu gabe, eta nekazariei etengabe egotzi zaien kutsatzaileak izatea. Arazo hori konpondu beharra dugu», aitortu du Ciolosek. NPB «berdeagoa» nahi du. Horri lortutakoa sektorean iskanbila handiena eragin duen proposamena: estatu bakoitzak laguntza zuzenen %30 ingurumena zaintzeko ahalegin egiten dutenei ematea planteatu du. Laborantza dibertsifikatua dutenak, bazka iraunkor mantentzen dutenak eta erreserba ekologikoak eta paisaiak zaintzen dituztenak sarituko ditu.
Halaber, Bruselarentzat beharrezkoa da ikerketan eta garapenean ahalegin berezia egitea. Arlo horietarako aurrekontua bikoiztea da haren asmoa. «Etorkizuneko nekazaritzak ezagutzaren nekazaritza izan behar du. Gure sektoreak eta zientzialarien arteko kooperazioa estutu behar da».
Arlo ekonomikoari jarraituz, E.Coli gaitzak izandako eraginak oraindik gogoan ditu Europako Batzordeak. 3.500 milioi euroko erreserba funtsa sortzeko asmoa du, konfiantza faltak eragindako arazoetarako. Horrez gain, krisi egoerak kudeatzeko tresna dinamiko eta modernoagoak eskatu ditu. Aseguruk eta mutualitateak sortzea defendatu du.
Nekazariak, eremu guztietan
Europako eskualde batetik bestera asko aldatzen da paisaia, baita lurren nekazaritzarako egokitasuna ere. «Gune batzuetako lehiakortasun handiak arriskuan jartzen du beste gune batzuetako ekosistemaren iraunkortasuna. Toki batzuk erabat hutsik geratzea ere saihestu egin behar da», adierazi du Ciolosek.
Horri lotuta, landa eremuetan lanpostuak eta enpresa izpiritua sustatu behar direla dio. Besteak beste, mikroenpresa proiektuak babesteko 700.000 euroko laguntza onartu nahi du bost urterako.
NPB sinpleagoa etaeraginkorragoa
Konplikatua izan ohi da NPBarekin zerikusia duen edozer. Hark arautzen du Europako nekazaritza sektore osoa, eta Europako Batasuneko aurrekontuaren zati handi bat hartzen. Erreformaren bidez, NPB sinpleagoa eta eraginkorragoa nahi du Nekazaritza Komisarioak. «Alferrikako gainkarga administratiboak saihesteko, sinplifikatu egin behar dira mekanismo batzuk, eraginkortasunik galdu gabe».
Nekazaritza Erakundeen eta Kooperatiben Europako Batzordeak (Copa-Cogeca) gaitzetsi egin ditu Bruselaren neurriak, batez ere laguntzen %30 ingurumenaren zaintzari lotutakoak izatea. «Irizpide ekologiko horiek gainkostu bat sortuko dute, eta sektorearen bideragarritasun ekonomikoari kalte egingo diote».
Europako Parlamentuko talde politikoak ere ez ditu ase proposamenak. Eurodiputatuek egindako hitzaldietan, burokrazia handituko den beldurra eta produktuek lehiakortasunari kalte egingo zain ustea errepikatu dira gehien.
WWF eta Seo/Birdlife ekologista taldeen iritziz, NPBren diru zatirik handiena ingurumenarentzat kaltegarria den ekoizpen eredu bat bultzatzeko erabiliko da. %30eko laguntza horiekin ere ez dela egoera aldatuko gaineratu dute. «Europako Batzordeak irudia garbitzea bakarrik nahi du proposamen horrekin, besterik ez».
Tarifa finkoa, nekazarien laguntzei
Eskubide historikoak alde batera utzi eta diru laguntzak hektareako ematea proposatu du Europako BatzordeakNPB «berdeagoa» izateko, laguntzen %30 ingurumena zaintzen dutenei eman nahi die
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu