Tasak berriz laster igoko dituela iradoki du EBZk

Euroguneko interes tasak %3,25era igo ditu Europako Banku Zentraleko Gobernu Kontseiluak

Irune Lasa.
2006ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Dirua garestiagoa da atzotik Eurogunean, eta zantzu guztien arabera, gehiago garestituko da abenduan. Hori uler daiteke atzo Europako Banku Zentraleko presidente Jean Claude Trichetek egindako adierazpenak entzunda. EBZren Gobernu Kontseilua Parisen bildu zen mundu guztiak espero zuen erabakia hartzeko, hots, Euroguneko interes tasak %3,25era igotzeko. Erabakia aho batez hartu zuten Kontseiluko18 kideek eta inork ez zuen proposatu puntu erdiko igorerarik. Hori gertatuko zela jakinekoa zenez, albistea Tricheten hitzetan datozen hilabeteetako bankuaren jokaera zein izango den antzematean zegoen.

Eta aditu ia guztiak ados daude: Abenduan, inflazioaren eta hazkundearen hiruhileko aurreikuspen berriak egiten dituenean, bankuak berriz ere igo egingo ditu interes tasak. Izan ere, ohar nahiko argia egin zuen Trichetek: «Prezioen bilakaerari buruzko perspektiban, arriskuak goranzkoak dira argiro». Hots, inflazioak gora egitea espero du.

Egia da, aspaldiko partez irailean Euroguneko inflazioa EBZk ezarritako %2ko helburutik azpira jaitsi zela, %1,8raino. Baina egia da baita ere, petrolioaren merkatzearen ondorioa izan dela gehienbat, eta salneurri merkeago horiek gutxi irautea espero dela. Gainera, presidenteak azaldu zuenez, azken asteetako petrolioaren merkatzeak eskaria igo egin du eta horrek inflazioren gainean ere presioa eragiten du.

Horrekin batera, ekonomiaren globalizazioarekin kostu txikiagoko herrialdeetako esportazioek ekarri duten desinflazioaren fenomenoa jada moteltzen ari dela ere uste du.

Soldata igoerek inflazioan izan dezaketen eragin kaltegarriaz ere oharra ez zuen ahaztu Trichetek. «Aurreikusitakoa baino soldaten progresio handiago batek», haren ustez, prezioen egonkortasunean «goranzko arrisku substantziala dakar». Horregatik, eragile sozialei soldaten negoziazioetan «arduratsu» jokatzeko deia egin zien, «jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren» mesederako izango delako.

ETA DATORREN URTEAN ZER? Abenduko igoeraz zalantza gutxirekin, 2007an EBZk interes tasak goratzen jarraituko duen eta muga non jarriko duen bihurtu dira orain adituen aztergai nagusi. Horren inguruan joerarik antzemateko adinako adierazpenik ez zuen egin Trichetek. Haren aurreikuspenen arabera, 2007an inflazioa atzera %2tik gora itzuliko da eta 2008an apaltzea espero du, EBZren beraren erabakiei esker.

Hain zuzen, joan zen abenduaz geroztik bankuak interes tasetan egindako bost igoera defendatu zituen. Tasak goratuta Euroguneko ekonomia handien suspertze hasi berria tupustean etengo zuela zioten iragarleentzako mezua zen. Tricheten ustez, denborak erakutsi du bazegoela arrazoirik igoera horientzako.

Eta datorren urteaz, analisten apustuak egonkortasunaren aldekoak dira. 2007ko martxoan beste puntu laurdeneko igoera baten aukera ikusten du zenbaitek, baina oro har, munduko ekonomiaren hazkundea geldotu egingo dela eta, Euroguneko ekonomia berotzeko arriskuak gutxi direla uste dute. Beraz, tasa askoz handiagorik ez dute aurreikusten gehienek.Horrela, EBZk ez lituzke Alemania eta Frantziako ekonomien goranzko bilakaerak kaltetu nahiko.

Badira, gainera, 2007ko bigarren erdialdean EBZk interes tasak jaisteari ekingo diola uste duten analistak ere, munduko ekonomiaren hazkundean iragarritako molteltze horretan oinarrituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.