Taxilariek garaipen garrantzitsua lortu dute gaur, Uber gidari zerbitzuaren aurka egiten ari diren kanpainan. Europako Batasuneko Justizia Auzitegira jo zuen Bartzelonako Elite Taxi elkarteak. Haien aburuz, Uberrek "praktika engainagarriak" eta "lehia desleiala" egiten ditu, eta zerbitzua eskaintzeko administrazioen lizentzia behar ote duen argitzea exijitu zuen. Horretan arrazoia eman dio justiziak. Bidea ireki zaio Uberren gisako enpresei araudia gogortzeko.
Epaitegiak jarraitu dio pasa den maiatzean Maciej Szpunar abokatu nagusiak aurkeztu zuen argumentazioari. Horren arabera, Uber ez da bezeroak eta gidari ez profesionalak harremanetan jartzen dituen bitarteko telematiko hutsa, eta lotura "banaezina" du garraio sektorearekin. Hori dela eta, ez dago zerbitzuak eskaintzeko askatasunen esparruaren barruan, eta ezin ditu baliatu ezta ere barne merkatuko zerbitzuen eta merkataritza elektronikoaren zuzentarauek ezarritako joko arauak.
Gauzak horrela, estatu kideei dagokie Uberrena bezalako zerbitzuek bete behar dituzten araudiak eta betebeharrak indarrean jartzea, beti ere Europako Batasuneko itunak urratu gabe. Azken finean, lankidetza ekonomia deitu zaion fenomenoaren alorra gaindituko luke Uberrek, eta zerbitzu zehatz bat eskaintzen duten gainerako enpresen betebeharrak bete behar ditu.
Epaiaren mamia Uberrek eskaintzen duen zerbitzuaren izaera da. Plataformaren defentsa beti izan da ez duela garraioa antolatzen, eta soilik bezeroak eta gidariak kontaktuan jartzeko aplikazio informatikoa eskaintzen duela. Epaileek ez dute horrela ikusi. "Hiriko garraio eskaintza" egiten duela uste dute, eta enpresa ezinbestekoa dela zerbitzu hori egituratzeko.
Gainera, gidariek zerbitzua eskainiko duten baldintzetan "eragin erabakigarria" du Uberrek. Hots, gidariek ez dute askatasunik bezeroekin nahierara negoziatzeko. Hori dela eta, Uber "zerbitzu global" baten parte da, eta elementu nagusia garraioa eskaintzea da.
Ikusmin handia zegoen epaiaren inguruan. Taxilarien eta Uberren arteko gatazkan ez ezik, garrantzia izan baitezake internet bidezko plataforma berrien etorkizuna argitzeko. Bestelako plataformak arautzeko eragina izango du aurrerantzean. Epaileen tesiak, hasiera batean, baldintzetan jartzen du fokua. Hau da, plataforma telematikoak zerbitzu hori emateko baldintzak eta betebeharrak finkatzen dituen neurrian ez litzateke bitartekari neutrala izango, eta horrek aukera irekiko die administrazioei enpresari ari den sektoreko lege eta arau guztiak ezartzeko.
Pasa den ekainean Eusko Jaurlaritzak iragarri zuen Uberrekin ibiltzen diren ibilgailuei ikuskaritza zorrozteko asmoa. Halako ibilgailuentzako lizentziak estuago kontrolatuko ditu eta gehienez ere 30 taxiko halako bat eskura egongo dela bermatuko du.