Integrazio Batzordeko eta Inasmeteko presidente Jose Maria Etxarrik iragarri zuenez, teknologia zentro berriak 1.300 langile izango ditu eta 110 milioi euroko fakturatzea. Datuok aintzat hartuta, ikerketa, garapena eta berrikuntzarako Euskal Herriko zentro pribaturik handiena eta Europako bosgarrena kudeatuko du Tecnalia korporazioak sozietate bakarra eratu ondoren.
Bat-egitearekin «etekin handiagoak» lortuko dituztela esan zuen Etxarrik: «Zentro bakoitzak bere helburuak betetzeko baliabide handiagoak» izango ditu. Izan ere, bakoitzak bere aldetik «proiektu handienei aurre egiteko aukerarik ez dute gaur egun».
Datozen urteetako «erronka nagusiena», bestalde, nazioartean zabaltzea izango dutela nabarmendu zuen. Zentro berria osatuko duten taldeek, besteak beste, Italian, Txinan, Egipton, Espainian, Frantzian, Australian, Bulgarian, AEBetan, Kolonbian, Serbian, Argentinan eta Mexikon ari dira lanean. Etorkizunean, alabaina, zentro berriak sare «gero eta handigoa» egiteko gai izango dela aurreikusi zuen IntegrazioBatzordeko buruak.
Bat-egiteak, azaldu zuenez, 2001ean Tecnalia Teknologia Korporazioaren sorrerarekin «abiatutako eredu arrakastatsuaren sendotzea» ekarriko du. Tecnaliako teknologia eta ikerketa zentroek, ordudanik, «integrazioaren bidean urratsak egin» izan dituzte, atzo izenpetutako akordiora heldu arte.
Azti eta Neiker gabe, oraingoz
Tecnalia korporazioari lotutako zortzi zentroetatik, seik besterik ez dute parte hartuko atzo iragarritako bat-egitean. Azti eta Neiker geldituko dira, oraingoz, prozesutik kanpo. Etxarrik ohartarazi zuenez, elikagaien industriari eta lehen sektoreari lotutako bi zentro hauek erakunde publikoen parte-hartzea dute erakundeen kapital sozialetan. Ondorioz, zentroetako estatutuek zailtasunak jartzen dizkiete gainerako zentroekin bat egiteko.
Edonola ere, etorkizunean laborategi horien integrazioa ez dutela baztertzen eta horretarako «ateak zabalik dituztela» ziurtatu zuen Etxarrik. Bitartean, Azti eta Neiker zentroak korporazioaren parte izaten jarraituko dutela eta haiekiko harremana bere horretan mantenduko dela berretsi zuen.
Tecnaliaren teknologia zentroek industria askoren beharrak aztertzen dituzte gaur egun. Osasungintza, ingurumena, garraioa, energia, siderurgia, autogintza, komunikazioa, eraikuntza eta beste sektore ugarietako ikerketa, garapena eta berrikuntza prozesuetan ari dira. Zentro hauek 140 enpresa eta erakunderen baino gehiagoren ekarpenari esker ari dira lanean.