Hemen dago, marea urdina!" oihu artean jakinarazi dute Telefonicaren azpikontratek bertan behera utziko dutela greba mugagabea —bi hilabete eta erdi iraun du—. Astelehenean lanera itzuliko dira, kontratekin akordio bat lortu ondoren. Idatzizko akordio bat egin dute Comfica kontratarekin, eta ahozko aurreakordioa lortu dute Pictelekin. Elecnor kontratak ez du akordioa bere egin nahi izan.
"Lortutako adostasunaren arabera, baldintza ekonomikoak modu garrantzitsuan hobetu dira", adierazi dute langileek. Soldatak %25 eta %90 hobetuko dira langile bakoitzaren egoeraren arabera, eta gutxienez mugagabeko hogei lanpostu berri sortuko direla ere adierazi dute. Greba mugagabea bertan behera utzi dute, baina mobilizazioekin aurrera jarraituko dutela azaldu dute beharginek, euren helburua Telefonicaren langileak izatea baita, eta Lan bera, baldintza berak leloa ere bermatu nahi dute. Horregatik, borrokan jarraituko dutela aurreratu dute.
Telefonicaren azpikontraten borrokak Bizkaian izan du eragin nagusia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroan CCOOk eta UGTk akordioa lortu baitzuten mobilizazioekin hasi berritan. Bizkaian, ordea, baldintza hobeak lortu dituzte, eta erreferentzia gisa jarri dute lortutako akordioa. Apirilaren 30ean hasi zuten greba mugagabea; Bizkaiko 150 langile ingururi eragin die, eta Telefonicaren 12.000 erabiltzaile ingururi. Denbora horretan horiek ez dute zerbitzu teknikorik jaso. Atzera begiratuta, egindako borrokak merezi izan duela esan dute langileek. Akordioaren berri emateko agerraldia "Gora langile borroka" oihuen artean amaitu dute.