Telefonicari lau milioi euroko isuna ezarri dio Lehiaren Auzitegiak

Euskaltel merkatutik kanporatzeko asmoz «nagusikeriaz» aritzea egotzio dio epaitegiak telefonia konpainiari

Ivan Santamaria.
2010eko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Bere ibilbide laburreko zigorrik handiena jarri dio Lehiaren Euskal Auzitegiak Telefonicari. Guztira, lau milioi euro baino gehiago ordaindu beharko dituzte enpresa nagusiak eta sakelako telefoniaz arduratzen den adarrak.

Auzitegiak frogatutzat jo du Telefonica «nagusikeriaz» aritu zela Euskaltel telefonia mugikorra merkatutik kanporatzeko asmoz. Egindako ekintzen larritasunak agindutakoa baino «arinagoa» izan da zigorra, jarduera horiei buruz araudietan dagoen «anbiguotasuna» eta arau-haustearen «berritasuna» direla eta. Epaian lehen aldiz erabili da nagusikeria kolektiboaren kontzeptua oligopolio baten aurkako zigorra oinarritzeko hala Euskal Herrian nola Espainian.

Telefonicak 2,4 milioi ordaindu beharko ditu, eta Telefonica Movilesek 975.000 euro. 2007an taldeak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zuen negozioaren portzentaje bati dagokio, baina auzitegiak ez du publiko egin. Erabakiari helegitea jartzeko aukera dute.

Euskaltelek 2007ko azaroan jo zuen Lehiaren Auzitegira babes eske. Eskumena norena zen Espainiako Lehiaren Batzordearekin argitu ondoren, kasua euskal organoaren eskuetan geratu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.