Textil Narvaizaren bi lantegiak ixtea onartu du Jaurlaritzak

103 langile kalean geratuko dira; batez beste, 50 urtetik gora dituzte

Erredakzioa
2004ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailak onartu egin zuen atzo Textil Narvaiza enpresaren erregulazio espedientea. Ondorioz, Gasteizko eta Bergarako lantegiak itxi egingo dituzte, eta 103 lagun lanik gabe geratuko dira, 39 Gasteizen eta 64 Bergaran.

Erregulazio espedientea hitzartuta zegoen enpresaren eta lan batzordeen artean, langileek berek onartzen baitzuten enpresak ez zuela etorkizunik. Konpainia porrot egoeran dago, ondasun guztiak bahiturik dauzka, eta hiru hilabeteko soldatak zor dizkie beharginei. Vital Kutxak enkantean jarriko du aurki Gasteizko fabrika, enpresak zor dion dirua berreskuratzeko asmoz.

Textil Narvaiza 1996. urtean sortu zuten, Hilaturas de Bergara eta Hijos de Antonio Narvaiza enpresek bat eginda. Lantegiek jean-etarako baliatzen den denim oihala egiten zuten. Oihal mota hori, ordea, askoz merkeago egiten dute gaur egun Asian. Agustin Plaza Arabako UGTko kimika arloko arduradunak Jose Miguel Zaldo presidentearen «kudeaketa txarrari» egotzi dio enpresaren itxiera. «Ez du makinetan pezeta bakar bat ere inbertitu, eta Gizarte Segurantzarekin eta Ogasunarekin zituen zorrak bere hartan utzi ditu», jarraitu zuen.

Langile beteranoak

Zaldok, berriz, jada kinka larrian zeuden bi lantegi «lagundu» nahi izan zituela ziurtatu du, eta zorra bere gain hartu zuela nabarmendu. Zaldok dio lantegiak langileen esku uzteko prest zegoela «balio erantsi handiagoko produktuak» egiteko, baina beharginek ezezkoa eman zutela, adin kontuengatik. Textil Narvaizako langileen batez besteko adina 50 urtetik gorakoa da. Langileen egoera txarra da benetan, kaleratzeagatik Fogasak emango dien kalte-ordaina 11.000 eurotik beherakoa txikiagoa baita kontratua hausteagatik jaso behar zutenari zor zaizkien hiru soldatak gehitzen bazaizkie.

Textiles Narvaiza azken hilabetean Araban ixten duten hirugarren enpresa handia da. Aurretik Newell eta Explosivos Alaveses itxi dituzte. Bi kasu horiek, ordea, deslokalizazioarekin lotuta daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.