BORJA MERINO
Santurtzi (30 urte)
«10 urte pasa ditut honetarako prestatzen; ez naiz hasiko teknikari ez den lan batean»
Ingeniaritza teknikoa ikasi zuen Borja Merino santurtziarrak. Hura amaitutakoan, bi ikastaro egin zituen, aerosorgailuen arloan espezializatzeko. Amaitutakoan, inolako zailtasunik gabe topatu zuen lana. Ia bi urte eta erdi egin zituen enpresa batean. «Berez baldintzak ez ziren txarrak, baina ez zen nik espero nuena. Ez nintzen ingeniari hutsa, administrazio lanak ere egin behar izaten nituen, eta oso zaila egiten zitzaidan, nik ez nuelako halakorik ikasi».
Merinok berak erabaki zuen lana uztea, orain urtebete inguru. «Beste zerbait nahi nuen. Orain ari naiz bila eta bila, baina ez dut ezer aurkitzen. Asko kostatzen da lana topatzea, gehiegi». Bizkaian ingeniari asko daudela dio, industria arloa oso garatuta dagoelako. «Lan eskaera handia dago, eta krisia dela eta, eskaintza oso gutxi». Haren esanetan, prestakuntza oso ona dutenek soilik dute lan merkatura sartzeko aukera. Eta horretan ari da: suhiltzaile izateko prestatzen. «Suhiltzaile espezializatuak behar dira, eta ingeniariok, egin ditugun ikasketengatik, prestatuta gaude. Lanerako aukerak ikusten ditut, eta horregatik saiatu nahi dut».
Ingeniariak teknikari moduan arlo askotan aritu daitezkeeladio. Baina adierazi du arlo horrekin zerikusik ez duen postu bat ez lukeela hartuko. «Hamar urte eman ditut honetarako prestatzen, eta ez dut denbora hori alferrik galduko. Ez naiz hasiko teknikari ez den beste lan batean». Gustuko lana atzerrian aterako balitzaio, ordea, joateko prest egongo litzateke. «Ingelesez badakit, eta joango nintzateke ingelesa hitz egiten den herrialderen batera».
ESTI IREGI
Zarautz (26 urte)
«Beldurra ematen du lana uzteak, baina pentsatu behar da zeure buruarengan ere»
Orain bi aste geratu zen langabezian Esti Iregi zarauztarra, baina aurrez ere egona da egoera horretan. Gizarte Lana ikasi zuen. Ikasketak amaitutakoan, saiatu zen ikasketekin lotutako zerbait aurkitzen, baina ez zuen lortu. Euskaltelen hasi zen orduan, eta hiru urte eta erdi egin zituen saltoki batean.«Lan gogorra zen, soldatarekin konparatuta ardura handiak nituelako eta inor ez zegoelako niri laguntzeko». Egoera ez zela «bideragarria» dio, eta lana uztea erabaki zuen.
Bederatzi hilabete egin zituen langabezian. Ondoren, ikasitakoarekin zerikusia zuen lanpostu bat aurkitu zuen, gazte etorkinen zentro batean. «Berez gustuko lana nuen, nik ikasitako arloan, baina gogorra eta arriskutsua zen, egoera oso gogorrak zeudelako zentroan». Kontatu du jende gehienak uzten duela hango lana. «Denbora gehien zeraman langileak zortzi hilabete zeramatzan». Gaineratu du abuztuan sinatu zela gizarte integraziorako lan hitzarmena baina ez dela betetzen. «Ez da kobratzen hitzarmenak esaten duena, eta oporren gainean adostutakoa ere ez da betetzen. Inor ez badago zu ordezkatzeko, ez dizute oporrik ematen».
Iregik ere lana uztea erabaki zuen, hasi eta hiru hilabetera. «Beldur pixka bat ematen du lana uzteak, baina askotan zeure buruarengan ere pentsatu behar da. Ez dut soldatagatik utzi, bizitzen diren egoerengatik baizik». Hiru hilabetean du langabezia saria kobratzeko aukera, eta horrek lasaitasun pixka bat ematen dio. «Tarte horretan saiatuko naiz gizarte lanarekin zerikusia duen zerbait aurkitzen, eta, gero, ikusiko dut; lehen ere aritu izan naiz bestelako lanetan».
Iregiren esanetan, gazteen langabezia tasa handiak ez du zerikusirik haien formakuntzarekin. «Prestakuntza faltarik ez dute gazteek, baina dauden lanpostuak oso prekarioak dira. Aldi baterako kontratuak egiten dira; hilabete aritu zaitezke lanean, eta beste sei lanik egin gabe. Gainera, egiten diren kontratuekin oso erraza da gazteak bidaltzea, praktika kontratuak-eta izaten direlako».
AITOR GOIKOETXEA
Usurbil (20 urte)
«Prestatzen jarraitu nahi dut, gauzak oso zail ikusten ditudalako lan merkatuan»
Elektronikako automatismoei buruzko goi mailako heziketa zikloa egin zuen Aitor Goikoetxea usurbildarrak. Iazko martxoan amaitu zuen arlo teorikoa, eta, ondoren, enpresa batean praktikak egin zituen ekainera arte. Haiek amaitutakoan ez zioten kontraturik egin, baina berehala aurkitu zuen lana beste enpresa batean. «Ez zen nik ikasitakoan, baina ez zuten prestakuntza handirik eskatzen, eta lana eman zidaten». Lau hilabete inguru egin zituen. «Ez zitzaidan kontratua amaitu, eta krisiak ere ez zuen eraginik izan, baina beste arrazoi batzuk zirela medio, utzi egin nuen».
Ordutik lana bilatzeko ahalegin handirik ez duela egin aitortu du, baina Interneten begiratzen ditu eskaintzak, eta egoera beltz ikusten duela dio. «Orain, ikastaro bat egiten hasi naiz. Formatzen jarraitu nahi dut, gauzak oso zail ikusten ditudalako lan merkatuan». Informatikari buruzkoa da hasi duen ikastaroa. «Eskaintza txikia zegoen, eta hori hartu nuen, zerbait hartzeagatik. Datei begiratuta, besteak ez zitzaizkidan ongi etortzen, denbora asko egon behar nuelako zain». Prestatzen segitu, aukerak begiratzen jarraitu eta zerbait egokia ikusiz gero, postua lortzen saiatzea, hori da Goikoetxearen asmoa.
Azaldu du lana bilatzeko orduan esperientzia falta izan ohi dela gazteen arazo nagusia. «Lan gutxi dago, eta lan gutxi dagoenean gazteak izaten dira aurreneko kaltetuak, postu askotan esperientzia eskatzen dutelako. Nik 20 urte ditut, eta 20 urterekin esperientzia oso gutxi». Atzerrira joateko ez dagoela prest adierazi du. «Ni oso-oso hemengoa naiz».