Eusko Jaurlaritza

Toñaren kargua, Jaurlaritzako Kode Etikoaren Batzordearen esku

Angel Toña sailburua konkurtso administratzaile izateko inhabilitatuta dagoela argitaratu du Gara egunkariak. EH Bilduk dio ezin dela izan Enplegu sailburu, agerian geratu delako ez dituela "langile guztien eskubideak" defendatu. PPk eta UPDk ere uste dute ez dituela sailburu izateko baldintzak betetzen.

Angel Toña Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu berriaren kargua hartzeko ekitaldia, Ajuria Eneko jauregian. Irudian, Toña zina egiten, Iñigo Urkullu lehendakariaren aurrean. JUANAN RUIZ, ARGAZKI PRESS
Berria
2015eko otsailaren 11
18:17
Entzun

Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietarako sailburu izendatu eta biharamunean jakin da Angel Toña hemezortzi hilabeteko inhabilitaziora zigortu zutela urtarril hasieran. Gara egunkariak eman du berria. Ezingo da konkurtso administratzaile izan tarte horretan.

Ohar batean, Toñak zehaztu du "merkataritza alorreko erabaki" baten ondorioz dagoela inhabilitatuta, eta ez denez "epai penal" bat, ezin dela zigorrez hitz egin. Azaldu du konkurtso-administratzaileen zeregina "beti" izan zela "lehentasuna ematea enpresak irauteari eta lanpostuak mantentzeari".

Toñak adierazi du nahiz eta Eusko Jaurlaritzako sailburu izendatu baino lehenagoko erabakia izan "informazio guztia" utziko duela Jaurlaritzako Kode Etikoaren Batzordearen esku, "erabaki bat har dezan ahalik eta azkarren". Azalpenak eman dizkio Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari, eta erantsi du hala egingo duela Eusko Legebiltzarrean ere, "gai hori argi eta garbi gera dadin".

Bizkaiko probintzia auzitegiak Fundifes, Otsalia XXI eta Bator Gestion 2004 enpresetako konkurtso administrazioak zigortu zituen, likidazio garaian ordainketen ordena aldatzea eta Gizarte Segurantzako altxorrari eta bost langileri zorra geroratzea leporatuta. Sententzian ez da administratzaileen izenik ageri, baina EH Bilduk jakinarazi du Toña dela horietako bat.

Jaurlaritzak ez zuen inhabilitazioaren berri

Juan Maria Aburto Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak adierazi du Iñigo Urkulluk eta Eusko Jaurlaritzak ez zutela Toñaren inhabilitazioaren berri. Ser irrati katean mintzatu da Aburto, eta aitortu du inhabilitazioaren berria "une oso zailean" heldu dela, gogoraraziz atzo bertan egin zuela Toñak sailburu karguaren zina. Gainera, ELAk eta LABek Toñaren jarduera defendatu izana nabarmendu du, gaineratuz sindikatuek esandakoa Aburtok berak gaiaz dakienarekin "sintonian" dagoela.

Marian Beitialarrangoitia eta Dani Maeztu legebiltzarkideen esanetan, administradore izateko inhabilitazioak Enplegu eta Gizarte Gaietarako sailburu izatetik ere inhabilitatzen du Toña. "Ez du konfiantzarik eragiten. Ez da gai izan langile guztien eskubideak defendatzeko".

Gaineratu du Toñaren jokaera enpresa prestatzen ari zen "birkalifikazio bati laguntzeko eta kolpe urbanistiko bat jotzeko" izan zela. "Gizarte Segurantzari eta langileei ordainketak atzeratu arren, berak  kobratu zuen administratzaile gisa egindako lana".

EH Bilduk gaiari buruz galdetuko dio ostiraleko kontrol saioan Iñigo Urkullu lehendakariari. Gaur argitara eman diren informazioak kontuan izanik, PPk eta UPDk esan dute ez zaiela iruditzen Toñak sailburu izateko baldintzak betetzen dituenik. UPDk Toñaren dimisioa eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.