Europako Batasuna

Tobin tasa beste urtebete atzeratuko da

2016. urtetik aurrera finantza salerosketak zergapetzeko konpromisoa berretsi dute EBko hamar herrialdek, xehetasunak finkatu gabe.

jarraia91662.jpg
Ivan Santamaria.
2014ko maiatzaren 6a
15:23
Entzun

Europako Batasunean Tobin tasa bat ezartzeko prozesuak aurrera jarraitzen du, baina beste urtebete atzeratuko da. Bruselaren jatorriko proposamenak zerga berria 2014. urtean indarrean jartzea aurreikusten zuen, akordio faltak 2015. urtera atzeratu zuen gero, eta orain 2016ko urtarrilaren 1a ezarri dute proiektua babestu duten herrialdeek.

Ecofin EBko Finantza ministroen kontseilua egin dute gaur, Bruselan. Besteak beste, finantza salerosketen zergari buruz aritu dira. Azkenean, hamar herrialdek agiri bat hitzartu dute, oinarrizko akordio batekin. Alemania, Austria, Belgika, Eslovakia, Espainia, Estonia, Frantzia, Grezia, Italia eta Portugal izan dira.

Orain arte, Esloveniak tasaren alde egin izan du. Haatik, orain dela egun batzuk Alenka Bratusek lehen ministroak dimisioa eman zuen, eta gobernuko ordezkariek nahiago izan dute alde batera geratu.

Eragin mugatua

Akordio politikoa da, batez ere, eta proiektuarekin aurrera egiteko borondatea islatzeko balio du, beste ezer baino gehiago. Finantza tasa noiz hasiko den onartu dute (2016. urtea), baina baita hasieran eragin “mugatua” izango duela ere. Hots, ez dute finantza salerosketa guztiek ordainduko, ez hasieran behintzat. Akzioak eta deribatu batzuk izango dira zergapetutako lehen produktuak. Tasaren izaera eta ezaugarriei buruz ezer gutxi aurreratu dute.

Tasaren jatorria James Tobin ekonomialariari zor zaio. Finantza espekulazioa trabatzeko asmoz, diru mugimendu orori tasa bat ezartzea proposatu zuen, ordain dela berrogei urte. Ideia horrek aldeko eta kontrako eztabaida sutsuak piztu du, eta finantza krisiaren ondorioek gaurkotasuna itzuli diote.

EBko 11 herrialdek Tobin tasa jartzeko akordioa iragarri zuten joan den urteko ekainean. Horren aurretik, otsailean, Europako Batzordeak zerga ezartzeko proposamen zehatza egin zuen. Horren bidez urtero 35.000 milioi euro biltzeko aukera dagoela ziurtatu du Bruselak. Proposamen horren arabera, akzioen eta bonuen salerosketari %0,1eko zerga ezarriko litzaioke, eta %0,01ekoa, finantza produktu deribatuak badira.

Proiektuak atzerapen ugari izan ditu. Esaterako, Erresuma Batuak Europako Justizia Auzitegietara jo zuen. Tasaren beraren aurkako helegitea baino gehiago, Europako Kontseiluak 11 herrialderi hura indarrean jartzeko eman zien baimenaren aurkakoa jarri zuen. Europako Justizia Auzitegiak helegite hori ez onartzea erabaki zuen joan den apirilaren 30ean. Suediako Gobernuak ere tasa berria kritikatu du. Inbertsioei eta finantza sektoreko enpleguari kalte egingo diela uste dute zerga berriaren aurkakoek.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.