Finantzak

Tobin tasa ezartzeko proposamena onartu du Europako Batzordeak

Euroguneko 11 herrialdek jarriko dute indarrean, horien artean Espainia eta Frantzia.

Ivan Santamaria.
2013ko otsailaren 14a
17:46
Entzun

Finantza transakzioak zergapetzeko proposamena onartu du gaur goizean Europako Batzordeak. Bankuek egiten dituzten finantza trukeek %0,1 ordainduko dute. Deribatuetan egiten diren akordioek, berriz, %0,01 izango da tasa. Proposamenaren berri Algirdas Semeta Zerga komisarioak eman du, eguerdian.

Azkenean euroguneko 11 herrialdek aurrera egin dute Tobin tasa horrekin: Alemania, Austria, Belgika, Eslovakia, Eslovenia, Espainia, Estonia, Frantzia, Grezia, Italia eta Portugal. Finantza salerosketei ezarritako zergari esker, urtero 30.000 eta 35.000 milioi euro artean biltzea espero du Bruselak. Diru horrekin finantza krisien ondorioei aurre egin ahal izatea aurreikusi da. EB osoan tasa hedatzea ezinezko bihurtu du, besteak beste, Erresuma Batuaren kontrako jarrerak.

Halako zerga bat "herritarrek aspaldi eskatutakoa" zela defendatu du Semetak. Proposamenean, gainera, finantza trukeak deslokalizatzeko aukerari mugak zorroztu dizkio EBk. Esaterako, 11 herrialde horietan jatorria duen edozein aktibo zergapetuko da. Esaterako, eremutik kanpoko bi bankuk eremuko herrialde bateko bonu bat trukatzen dutenean zerga ordaindu beharko dute. AEBetan eta Erresuma Batuetan sortu diren kritikak errefusatu ditu Semetak, eta tasa berria nazioarteko zerga sistemarekin "bateragarria" dela azpimarratu du. Orain, 11 herrialdeetako gobernuek proposamena behin betiko onartzeko ardura izango dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.