•Nork asmatu zuen? Izena James Tobini zor dio (1918-2002), 1981ean Nobel saria lortu zuen ekonomista estatubatuarrari.
•Zer proposatu zuen? Dibisen salerosketa bakoitzari zerga bat jartzea.
•Zertarako? Diruaren truke tasaren aldakortasuna gutxitzeko eta epe laburreko irabaziak nahi zituzten finantza mugimendu espekulatiboak zigortzeko.
•Zenbateko zerga proposatu zuen? %0,1 eta %0,25 artekoa operazio bakoitzeko. Europako Batzordeak %0,1ekoa eta %0,01ekoa ezarri nahi ditu.
•Jende gehiagok eskatu al du Tobin zerga indarrean jartzeko? Bai. Globalizazioaren aurkako taldeek zerga indarrean jartzeko eskatu zuten 1990eko hamarkadan, herrialde pobreei laguntzeko eta klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko. Zerga hori eskatzeko sortu zen ATTAC 1998an, Frantzian.
•Zertarako nahi dute tasa? Merkelek eta Sarkozyk etorkizuneko krisiak herritarrek bakarrik ez, finantza erakundeek ere ordaintzeko; Europako Batzordeak, berriz, Europako Batasuneko aurrekontua osatzeko.
•Proposamena berria al da? Ez. Gordon Brown Erresuma Batuko lehen ministro ohiak tasaren alde hitz egin zuen 2009ko azaroan, G20koen bilera batean. Geroztik, Europako Batasunak eta Europako Batzordeak proposamenaren alde egin dute, baina indar handirik gabe. Bankuen irabaziei zergak ezartzeko aukerak aztertzea hobetsi dute.
•Nor daude alde? Europako Batzordea, Alemania, Frantzia, Espainia...
•Eta kontra? Ameriketako Estatu Batuak, Erresuma Batua, Nazioarteko Diru Funtsa, Europako Banku Zentrala... eta, jakina, finantza erakundeak.
•Nork ordaindu behar du? Finantza salerosketak egiten dituzten Europako erakundeek. Baita Europatik kanpoko erakundeekin egiten dituztenean ere (kasu horretan erdiek).
•Zenbat diru bil daiteke? Europako Batzordeak iazko urrian 150.000 milioi euroko kopurua aipatu zuen, %0,1eko zerga aplikatuta. Atzo, berriz, 55.000 milioi eurokoa.
•Teknikoki bideragarria al da? Bai, baina zaila izan daiteke espekulazio operazioen artean bereizketak egitea.
•Ba al dago horrelako zergarik? Bai. Finantza operazioei zergak ezartzen dizkiote Europako hainbat herrialdetan, Belgikan, Frantzian, Irlandan eta Erresuma Batuan, esaterako. Eta finantza operazioak egiten jarraitzen dute; negozioak ez du zerga paradisuetara alde egin.
•Nahitaezkoa al da unibertsala izatea? Mundu guztian ezarriz gero, eraginkorragoa litzateke, eta zailagoa zerga saihestu ahal izatea.
'Tobin tasa'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu