Toledoko Itunak ez du akordiorik lortu erretiroaren adinari buruz

Espainiako Gobernuak ez du etsi, eta negoziatzen jarraituko du erretiroa 67 urtera atzeratu ahal izateko

Erredakzioa
2010eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Erretiroaren adina 65 urtetik 67 urtera atzeratzeko erabakia Espainiako Gobernuaren esku utzi dute diputatuek. Toledoko Itunean bildutako ordezkari parlamentarioak ez dira ados jarri adina atzeratzeko beharrari buruz, eta gaiari buruzko desadostasuna aipatuko duen testua igorriko diote Gobenuari. Valeriano Gomez Lan ministroak erantzun die esanez alderdiekin eta gizarte eragileekin negoziatzen jarraituko duela erretiroaren adina atzeratu ahal izateko. Erretiroaren zenbatekoa kalkulatzeko kotizazio urte gehiago kontuan hartzeko proposamena, ordea, berretsi dute talde nagusiek. Horren ondorioz, pentsioak jaitsi egingo dira.

Urtarrilean proposatu zuen PSOEko gobernuak erretiroaren adina 67 urtera atzeratzea, baina ordutik hona ez du lortu beste alderdi batek eskaera horrekin bat egitea. Atzo ere halakorik onartuko ez zuela argi utzi zuen Tomas Burgos PPko ordezkariak. «Uste dugu PSOEk ez duela justifikatu gure errealitate sozialak derrigorrezkoa egiten duela lan bizitza luzatzea». Horren ordez, PPk uste du langileei pizgarri gehiago eman behar zaizkiela 65 urtetik aurrera erretiroa hartzeko, baina inor behartu gabe.

Alderdi horri «interes alderdikoiak» izatea egotzi dio Isabel Lopez Chamosa ordezkari sozialistak, eta horregatik Toledoko Itunak gobernuari testu «anbiguoa» bidaliko diola aitortu du. Testuaasteartean egingo duten bileran amaituko dute, eta horretan oinarrituko da gobernua urtarrilaren 28an lege proiektua aurkezteko. Sozialistek espero dute anbiguotasun horri esker uztartu ahal izatea Toledoko Itunak dioena eta Gobernuak erretiroaren adina luzatzeko duen borondatea.

Pentsio sistemaren etorkizuna erretiroaren adin ofizialean menpe jartzea «ikuspegi itxia» dela ziurtatu du EAJko ordezkari Emilio Olabarriak. Pentsio sistema «malgua» bultzatu nahi dute jelkideek, «errealitateak oso desberdinak direlako gaur egun». Olabarriak esan du langileek beren kabuz erabaki beharko luketela adin batetik aurrera noiz hartu nahi duten erretiroa. Hori bai, botere publikoek bultzatu egin beharko lukete lan bizitza luzatzea pentsioa handiagoa eskainita hala egitea erabakitzen dutenei. Gainera, jeltzaleek nahi dute gehien pagatu dutenek gehiago jasotzea: «Sistemak ezin ditu berdin tratatu 40 urtez edo hamar urtez kotizatu dutenak, biak adin berdinean jubilatu arren».

LABen kexua

Erreformaren nondik norakoak kritikatu ditu LABek, eta haren kontra mobilizatuko dela iragarri du. «Oso gogorra da, eta pentsio duina izatea zailduko du, emakumeei eta gazteei nagusiki», azaldu du sindikatuak agiri batean. «Europako eliteei» eta finantza sistemari men egitea egotzi dio Espainiako Gobernuari. «Helburua da eredu publikoa diruz hustutzea, sistema pribatizatu eta espekulatu ahal izateko». LABek uste du pentsio sistema publikoa bideragarria dela baldin eta lehentasun politikoa ematen bazaio. Hau da, finantzaketa arazoak daudenean beti gastua murriztera jo beharrean, beharrezkoa den dirua beste alde batetik ateratzen bada. Horrelakorik ezaurreikustearen kontraesanak nabarmendu ditu sindikatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.