Enplegua

Toñak enpresariei eskatu die "ausart jokatzeko" eta "bidezko soldata igoera batzuk" onartzeko

Sindikatuei malgutasuna "gogo hobez" onartzeko eskatu die, "ez delako kontrajarria" langileen interesak defendatzearekin.

Angel Toña, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Politiketako sailburua. MARISOL RAMIREZ, ARGAZKI PRESS
Jon Fernandez.
2015eko urriaren 7a
13:08
Entzun

Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuak "ausardia" eskatu die enpresariei, eta "bidezko soldata igoera batzuk" onartzeko galdegin die gaur goizean Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean. Eskaera, baina, ez da norabide bakarrekoa izan, bikoa baizik. Sindikatuei ere malgutasuna "gogo hobez" onartzeko eskatu die Toñak, haren ustez malgutasuna onartzeak ez duelako esan nahi langileen interesak defendatzen ez direnik. 

Negoziazio kolektiboaren egoera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan "prekarioa eta txarra" dela aitortu du Toñak, ez direlako lortzen "gutxieneko elkargunerako eremuak". Haren ustez, enpresariek malgutasuna "behar dute eta eskatzen dute" hitzarmenetan, eta sindikatuek "oso ezkor" erantzuten diote eskakizun horri. Baina aldi berean sailburuak nabarmendu du beharginek "lan baldintzak hobetzeko" beharra daukatela, "urte dezentetan geldirik dauzkatelako". Enpresarien aldetik lan baldintza batzuk hobetzeko "erresistentzia" ikusten du Toñak, eta kasu batzuetan ulergarria dela aitortu arren, beste batzuetan ez dela ulergarria uste du. 

Ekonomia pribatuaren "datu onek" enpresariek "ausartago" jokatzea ahalbidetu behar luketelakoan dago Toña. Bere iritziz, berriz, langileek "beldurrik eta dardararik barik" onartu behar dute XXI. mendeko lan baldintzek "ordutegietara eta malgutasunera moldatzea" eskatzen dutela, enpresariek enplegua mantendu dezaten. 

Lanbideko akordioa

Pasa den astean Lanbideri buruz Jaurlaritzak eta UGT, ELA eta CCOO sindikatuek sinatutako akordioari buruz ere berba egin du Toñak. Sindikatu guztiak zoriondu ditu, baita ELA, itunarekin bat egin ez arren, "gutxienez negoziazio guztietan azken unera arte egon delako mahaian". Akordioak Lanbideren funtzionamendua hobetzeko balio izatea espero du sailburuak, eta nabarmendu du itunaren arrakastaren gakoa adostutako edukietan dagoela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.