BERRIAk gaur kaleratu du Confebaskek eragin mugatuko ituna orokortzeko asmoa duela azaleratzen duen agiria. Agiri horretan, argi ikusten da patronalak ELA eta LAB baztertzeko asmoa duela, eta Eusko Jaurlaritzak bat egiten duela "konpromiso horrekin".
Hain justu, dokumentu horrekin bat datorren beste agiri bat daukate esku artean ELAk eta LABek. Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia eta Adolfo Muñoz ELAkoa haserre agertu dira prentsaren aurrean, Jaurlaritzarena dela dioten dokumentu horretan agertzen delako negoziazio kolektiboan bi sindikatuak baztertzeko asmoa duela gobernuak. "Larria" da hori bi sindikatuen ustez, eta gogor egin dute Jaurlaritzaren aurka. "Batere lotsarik gabe" patronalaren erara jardutea egotzi diote, eta gehiengo sindikalari "sabotaje egitea". Horregatik, Angel Toña Enplegu sailburuaren dimisioa eskatu dute. Bideoa: LAB eta ELAren prentsaurrekoa (Argazki Press).
[youtube]https://youtu.be/-kXpCANKjPE[/youtube]
Dokumentua elkarrizketa sozialerako mahaian aurkeztu den argitu ez duten arren, agiria benetakoa dela eta Jaurlaritzarena dela azpimarratu dute. Agiriak "euskal langileak gutxiesten ditu", esan dute.
Jaurlaritzaren agiriak jasotzen duena "logika demokratikotik at" dagoela dio Muñozek, gehiengoa zokoratzen duelako. Confebaskek hori nahi izatea gauza bat dela esan du, eta bestea, Jaurlaritzak onartzea. Horregatik dio Toñak ezin duela karguan jarraitu.