Bosgarren irabazi eguna jarraian Ibex-35entzat (+%0,76). Trichetek bostekoa luzatu die Greziari, bankuei eta, oro har, Europa hegoaldeari: uste baino luzeago joko du interes tasak %1etik goratzeak. Orain larri antzean dabiltzan tamaina ertaineko bankuek eta aurrezki kutxek ere eskertuko dute. Hamar urterako Greziaren zorrak eskari indartsua izan zuen atzo, eta %3na pasako irabaziekin ospatu zuten Popular eta Bankinter bankuek; Sabadell (+%2,69) ere poztu zen, eta bi banku handienak %1na pasa igo ziren. 2.249 milioiren salerosketarekin, Mapfre ere (+%3,76) irribarretsu azaldu zen. EBZk likidezia ugari jaurti du finantza merkatuetara, eta itotzear dabiltzanei bostekoa luzatzeko asmoa agertu du; urriaren 12ra arte, gutxienez, berme truke eskatu beste diru ematen jarraituko du Euroguneko bankuentzat. Igerilekua husteko garaia gerturatzen ari da, baina KPIa %0,9ren bueltan dagoen artean, Tricheten eskua ez da ukabil bihurtuko.
CAI. Espainiako aurrezki kutxen osasunaren adierazgarri da Aragoiko CAIrena: 2009an 18 milioi baino ez zituen irabazi, aurreko urtean baino %68 gutxiago. Errioxakoarekin eta Kanariar uharteetako Insular kutxarekin bat egiteko asmoa agertu du Aragoikoak.
Facebook sare sozial ezaguna burtsaratuko balitz, 28.000 milioi inguruko balioa izango luke. Alegia, Iberdrolak (+%0,48) egun balio duena beste ia eta Repsol-YPFk (+%0,06) balio duena baino %50 gehiago. Teknotxerritxoen garaia gogoan duzue?
Tori bostekoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu