Ekonomia

Traktoreak Eusko Jaurlaritzaren aurrean bildu dira hiru eguneko protestak hasteko

UAGAk, eta Trebiñu eta Araba Landaren Alde Elkarteak egin dute deia. Etzi amaituko dituzte protestak, eta egun horretan gobernuko ordezkariekin biltzea espero dute.

Traktoreak eusko jaurlaritzan
Traktoreak Eusko Jaurlaritzaren egoitzara iritsi dira. ENDIKA PORTILLO / FOKU
pettan uralde
2024ko martxoaren 5a
12:30
Entzun

Traktoreak Gasteizko Lakuako zelaigunera iritsi dira gaur goizean, eta Eusko Jaurlaritzaren aurrean hasi dute antolatuak dituzten hiru protesta egunetatik lehena, administrazioari «erantzun zehatzak» eskatzeko, hala nola NPB Nekazaritza Politika Bateratuaren ordainketa eta 2023ko urteko BEZaren itzulketaren aurrerapena eskatzeko.

200 traktore inguruk parte hartu dute gaur Gasteizko protestan, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean egindakoan; izan ere, 10:00 aldera batu dira, UAGA Arabako Nekazarien Elkarteak, eta Trebiñu eta Araba Landaren Alde elkarteak deituta. Nekazaritzako ibilgailuak 17:00ak arte ibiliko dira alboko kaleetan, eta Jaurlaritzaren aurrean dauden partzela hutsetan egingo dute gaua.

Gobernuaren egoitza inguratzen duten kaleetatik zirkulatzen hasi dira goiz-goizetik: zehazki, Euskal Herria bulebarretik, Wellingtongo Dukearen kaletik, eta Gabriel Zelaia eta Donostia kaleetatik. Udaltzaingoa eta Ertzaintza inguru horretan daude protesta kontrolatzeko, trafikoa arautzeko eta Jaurlaritzaren egoitzarako sarbideak zaintzeko.

Landak jasaten duen krisiari aurre egiteko, Gasteiz kolapsatu zuten lehen protestetatik hilabetera deitu dute elkarretaratzera. Bihar, 12:00etan, elkarretaratzea egingo dute Jaurlaritzaren aurrean, oinez, eta manifestu bat irakurriko dute, beren aldarrikapenen berri emateko.

Mobilizazioak ostegunean bukatuko dira. Egun horretan, Eusko Jaurlaritzako kideekin bildu ahal izatea espero dute nekazariek, eta, ezer lortzerik ez badute, ez dute baztertu beste protesta ekintza batzuk egitea.

UAGAk azaldu duenez, orain arte Eusko Jaurlaritzarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin izandako bileretan, NPBren laguntzak ordaintzeko edo 2023ko urteko BEZaren itzulketa aurreratzeko eskaera zehatzek ez dute «erantzun eraginkorrik» izan.

Aste honetako protestara Arabako nekazariak daude deituta, baina UAGN, EHNE konfederazioko beste kideekin batera, mobilizazio bat antolatzen ari da hilaren 19rako, Gasteizen.

Bost milioi euroko laguntza

Arabako Foru Aldundiak nekazaritza sektoreari laguntzeko bi deialdi onartu ditu gaur, eta guztira bost milioi euro inguruko zenbatekoa jarri du 2024rako, 2025erako eta 2026rako. Neurri horren bidez, nekazaritza eta abeltzaintza modernizatu nahi dira, haien lehiakortasuna eta profesionalizazioa hobetzeko.

Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak azaldu duenez, lanbide kualifikazio egokia duten gazteak sartu nahi dituzte, sektorearen «belaunaldi erreleboa eta profesionalizazioa bultzatzeko», eta landa ingurunean aukerak eta enplegua sortuko dituzten enpresak sortzeko, «etekin ekonomiko egokiekin».

Foru aldundiak, nekazarien mobilizazioei erantzun nahi izan die modu horretan, eta Gonzalezek eskaera horiek izan ditu hizpide adierazpenak ematerakoan. Jakinarazi du gaur bertan bildu dela laguntza neurriak diseinatzeko lanean ari den mahaiarekin. «Entzun egiten da, partekatu egiten da, eta lan egiten da», esan du Gonzalezek, eta azpimarratu du aste honetan «asko» hobetu direla neurriak; laster emango dute haien berri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.