Tramite «historiko» lasaia

Bat egitea eta finantza negozioa Kutxa Bankera eramatea babestu dute BBK-ko eta Vitaleko batzarrek, ia aurkako botorik gabeKutxako batzarkideek datorren ostiralean egingo dute bateratzearen inguruko bozketa

Jose Maria Iruarrizaga BBK-ko presidenteordea eta Mario Fernandez presidentea, atzo. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
I. O. - I. S.
Bilbo-Gasteiz
2011ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Ez zegoen ustekaberako tarterik. Aldez aurretik etxeko lanak eginda eraman zituzten Mario Fernandezek eta Carlos Zapaterok BBK eta Vital aurrezki kutxetako ezohiko batzarretara. Bi erakundeetako kontseilariek finantza negozioa bildu eta Kutxa Bankera bideratzea onartu zuten, kontrako oso boto gutxirekin. Urrats «historikoa» zela azpimarratu zuten bi presidenteek, eta, historikoa izateko, oso tramite lasaia izan zen.

Prozesua ez da oraindik amaitu. Datorren irailaren 23an Kutxaren txanda izango da. Babes mailari buruz zalantzarik balego, finantza erakundeetako presidenteek Bildurekin lortu duten akordioak bidea parez pare ireki dio ekimenari. Hori bai, kutxek urrian egingo dituzten ohiko batzarretara itxaron beharko da Bildurekin hitzartutako eduki berriak Bateratze Kontratuan sartzeko, ez baitzegoen astirik atzo egindakoen gai zerrendan sartzeko.

Ondoren, Kutxa Bank zuzenduko duen administrazio kontseilariak izendatu behar dituzte. Hogei izango dira, guztira. BBKri hamabi dagozkio (%60), Kutxari sei (%30), eta Vitali bi (%10). Gutxi gorabehera, banaketa kutxa bakoitzak duen parte hartzearekin bat dator. Helburua Kutxa Bank 2012. urtea hasi bezain pronto martxan egotea da. Banku berriak 75.000 milioi euroren aktiboak izango ditu, 1.300 bulego eta 9.000 langile. Giro ekonomikoa alde izanik, egungo emaitzak hirukoizteko aukera lukeela diote azterketa batzuek: 2010. urtean izandako 380 milioi euroko irabazietatik 846 milioi eurora.

BBKren batzar nagusian 92 kontseilarik bozkatu zuten bateratzearen alde, eta seik kontra. Bateratzearen alde agertu ziren EAJ, PSE-EE, ezker abertzalea, PP eta CCOO; kontra, aldiz, EB, Aralar, ELA eta LAB. Mario Fernandez BBK-ko presidenteak bat egitea «beharrezkoa» dela defendatu zuen, «kutxen funtsari eta arimari eusteko».

Fernandez pozik agertu zen Bilduk bateratzearen alde egin zuelako, era horretan «egitasmoa herri honetan dauden pentsaera politiko guztien onespenarekin jaiotzen baita». Bilduk proposatutako gaiak «bidezkoak eta zuzenak» direla gaineratu zuen.

BBKn, ELA eta LAB kontra

Bozketari ekin aurretik, bateratzearen inguruko iritziak eta bozkaren argudioak azaldu zituzten kontseilariek. LABek bat egitearen proposamenari «irtenbiderik utzi ez izana» deitoratu zuen, eta Bilduk bultzatutako akordioa baikorra dela adierazi; hala ere, negoziazio kolektiboaren inguruko zalantzen ondorioz ezetz bozkatu zuten. ELAk ezezko jarrera argia erakutsi zuen, besteak beste, akordioak kutxen kontrola gizartetik aldentzen duela uste duelako eta gizarte ekintza eta langileen baldintzak zalantzan ikusten dituelako.

Baiezkoen artean, ezaguna zen PSE-EE, EAJ, PP eta CCOOren jarrera. Atzoko batzarrean, ezker abertzaleak ere baiezkoa eman zuen, nahiz eta bankuaren ideia gustuko ez izan. Arantza Urkaregik euren proposamena euskal kutxa soziala sortzea dela azaldu zuen. «Hori ez da posible izan, baina Bilduk Kutxa Bank proposamenari marra gorriak jarri zizkion», argitu zuen.

Vitalen, ELAren ezetza soilik

Vitalen batzarrean, bateratzeko erabili den sistema defendatu zuen Zapaterok, eta kutxa bakoitzak bere izaera juridikoari eta gobernu organoei eutsiko diola gogoratu zuen. «Vital ezin zen alde batera geratu. Erakunde indartsu eta kaudimenduna da, baina noiz arte iraun zezakeen bere kasa?». Arabako kutxak banku berrian izango duen parte hartzea, %11, «bidezkoa eta arrazoizkoa» dela uste du, «ahalegin askoren ondoren lortu dena».

Batzarkideen txandan, Bilduk lortutako akordioa azaltzeko hartu zuten hitza ezker abertzaleko ordezkariek. ELAko kideek, berriz, bateratzearen aurkako jarrera berretsi zuten, eta langileentzat kaltegarria izango dela salatu. Azkenean, ELA izan zen aurka bozkatu zuen bakarra. Batzarrera agertu ziren 95 kontseilarietatik 90ek alde bozkatu zuten, ELAko biek kontra, eta hiru abstentzio izan ziren: LABena eta talde independente batena. Guztira, %94,7ko babesa lortu zuen bat egite hotzak Araban.

Bileraren ondoren kontseilariei eskerrak eman zizkien Vitaleko presidenteak. Batzarreko giro lasaia nabarmendu zuen, eta Bildurekin lortutako akordioak ez duela kontrako erreakziorik eragin azaldu. «Nahiko ongietorria izan da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.