Langoitia Estructuras Metalicas enpresako kidea zen langilea, eta teilatuak mantentzeko lanetan ari zen Productos Tubularesen, azpikontratatuta, 20 metrotik behera erori eta hil zenean. 25 urteko mutil senegaldarraren heriotza salatzeko, elkarretaratzea egin dute enpresako langileek gaur, enpresaren aurrean, Trapagaranen (Bizkaia).
ELA izan da enpresa batzordearen deialdiarekin bat egin duten sindikatuetako bat. Leire Heredia ELAko Laneko Segurtasun eta Osasun kabineteko kideak gogorarazi du istripuak ez direla fenomeno meteorologikoak, eta ez dela kasualitatea biktima azpikontrata bateko langilea eta etorkina izatea.
Ostiralean, istripuaren berri izan laster, ekoizpena geratu zuten PTko langileek, eta erabaki zuten soldatatik kenduko dieten dirua hildakoaren senideei ematea. LABek «elkartasuna eta babesa» helarazi zien hildakoaren senideei eta lankideei, baina baita azken hilabeteetan lanean hildako guztien ingurukoei ere.
ELAren arabera, urte honetan, gutxienez, 43 langile hil dira Hego Euskal Herrian lan istripuz; LABen arabera, 47 dira.