Trapagarango lantegitik 84 lagun botatzeko baimena eman diote ABBri

Multinazionalak 160 langile kaleratu nahi zituen, baina soilik erdiak botatzea onartu du Lan Ministerioak

Erredakzioa
Bilbo
2011ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Espainiako Lan Ministerioak onartu egin du Asea Brown Boverik (ABB) lana erregulatzeko aurkeztutako eskaera, baina ez osorik. Euskal Herrian, Katalunian eta Espainian dituen sei lantegitatik 132 langile kalera botatzeko baimena lortu du multinazional suitzarrak. Enpresak baieztatu duenez, 84 behargin botako ditu Trapagarango (Bizkaia) lantegitik, 19na Kordobako eta Zaragozako lantegietatik, zazpi Bartzelonan dituen bi lantegitatik eta hiru Madrilgotik. ABBren nahia, ordea, askoz langile gehiago botatzea zen: soilik Trapagarango lantegitik 160 bota nahi zituen.

Langileen oniritzirik gabeko erregulazioa da Madrilek onartu berri duena. «Sindikatuekin akordiorik egin gabe, baina enpresak aurkeztutako gizarte plana eta industria plana indarrean jartzeko haien eskaerarekin aurkeztu genuen», adierazi du ABBko zuzendaritza. Ordezkaritza zabalena duten sindikatuek egin ei zuten eskaera hori: CCOOk, UGTk, USOCek eta OSTAk.

Gizarte planak dioenez, enpresak erretiro aurreratuak hartzeko aukera emango die sei lantegietako beharginei. Hutsik geratzen diren lanpostuak erregulazioak eragindako langileei eskainiko dizkie gero. Birkolokatzeko aukerarik izan ez dutenei edo nahi izan ez dutenei kalte ordainak emango dizkie: lan egindako urte bakoitzeko 57 eguneko ordaina; 4.000 eta 6.000 euro artean, antzinatasunaren arabera; lan poltsako partaide izateko aukera; eta prestakuntza ikastaroak egiteko laguntzak.

Industria planaren funtsa, berriz, lantegien espezializazioa izango dela azaldu du enpresak. Trapagarangoa, Mediterraneo aldean transformadoreei lotutako zerbitzuak emateko bikaintasun zentro bilakatuko duela adierazi du multinazionalak.

Trapagarango fabrikako langileek asteak daramatzate kaleratzeen kontrako mobilizazioak egiten, ez dutelako haien beharrik ikusten, eta Jaurlaritzak ere gauza bera esan zuen duela egun batzuk. ABB taldeak 2.561 milioi dolar irabazi zituen iaz —1.800 milioi euro inguru—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.