TRENGINTZA. 400 milioi eurotik gorako eskaria CAFentzat Renfetik

Alstomekin osatu duen partzuergoak 75 tren egiteko bi kontratu erdietsi ditu, eta 750 milioi euroko mantentze lana 14 urterako

Erredakzioa
2004ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Abiadura handiko 75 tren egiteko bi adjudikazio eta haien mantentze lanen kontratua lortu du Beasaingo CAFek eta Alstom konpainia frantziarrak osatutako partzuergoak Espainiako Renferekin. 75 trenetatik 45 CAFek patentatutako Brava sistemadunak izango dira, eta horien balioa 585 milioi eurokoa da. Beste 30 tren egiteko kontratua 360 milioikoa da. Guztira 945 milioi euroko eskaria dakarte bi kontratuek partzuergora, eta erdia gutxi gorabehera, CAFentzat izango da; hots, 440 milioi inguruko eskaria. Tren horien mantentze lanetarako 14 urteko kontratua, berriz, 750 milioi eurokoa da, erdia CAFentzat.

Renfeko administrazio kontseiluak atzo eman zituen aipatu kontratuok, baita beste zenbait ere. Guztira, abiadura handiko 101 tren egiteko lanakbanatu zituen Alstom-CAF eta Talgo-Bombardier partzuergoen artean, orotara 1.300 milioi euroko balioarekin. CAF-Alstomek egingo dituzten 75 tren horiek orduko 250 kilometroko abiadurako zerbitzua egingo dute, nahiz eta instalatutako potentziak orduko 275 kilometroak iristeko gaitasuna ematen dien. Eskualdeetarako ibilbidea egingo duten abiadura handiko 30 trenak CAF eta Alstom jada Renferentzat egiten ari diren beste 20ren antzekoak dira. 20 horiek egiteko 228 milioi euroko kontratua 2001ean lortu zuten Alstom CAFek.Atzo lortu zuen bigarren kontratua Ðabiadura handiko 45 trenekoaÐ garrantzi berezikoa da CAFentzat, Beasaingo konpainiak patentatutako Brava sistemadunak baitira. 2001ean horrelako 12 tren egiteko kontratua erdietsi zuen CAFek, Alstomekin batera, 116 milioi euroko balioarekin. 12 tren horiek gaur egun egiten ari dira Beasaingo CAFen lantegian, eta propotipoaren probak ere hasiak dira, Renferen trenbideetan homologazio probak egiteko zain. Abiadura handiko Brava sistemako trenak jada bidaiari zerbitzua ematen dute Calatayud-Zaragoza-Jaca-Huesca linean, atzo CAFetik jakinarazi zutenez.

Bravaren garrantzia

Atzo adjudikatutako abiadura handiko Brava trenak, lau bagoikoak dira, guztiak motordunak, trakzio elektrikoarekin eta lau megawatteko potentziarekin. Euren ezaugarri nagusia, burdinbide zabalera batetik bestera igarotzeko duten sistema berezia da, CAFek berak sortu eta landutakoa. Espainian, esaterako, bi neurriko trenbideak daude: tradizionala, ardatz artean 1.668 milimetrorekin, eta europarra, 1.435 milimetrorekin.

Brava daramaten bogie edo errodadura sistemetan, gurpilak neurri desberdinetara egoki daitezke, automatikoki, segurtasun zerrailak ireki eta neurri berria emango dion aldaketa instalazio batean sartuz gero. Behin moldatuta, zerrailak berriz ixten dira, eta trena prest dago burdinbide berrirako. Neurri aldaketa hiru segundotan egiteko gai da Brava sistema. Zer ahalbidetzen du sistema honek? Burdinbide batetik bestera, eta neurri desberdinekoak hainbat dira, ez dagoela zertan lokomotorea aldatu edota errodadura sistema berri bat jarri. Europako Patenteen Bulegoak igaro azaroan eman zuen ontzat CAFek asmatutako sistema, Talgok jarritako errekurtso bat atzera botata. Bulegoaren arabera, Bravak 17 berrikuntza tekniko dituela frogatu zuen. Talgok ere badu trenak zabalera desberdineko burdinbideetara egokitzeko bere sistema. CAFek eta Oriol familiaren enpresak gai honetan duten borroka ohiko lehiakortasunetik haratago doa. Batetik, nazioarteko merkaturako ate ugari zabaltzen dituelako eta, bestetik, oraindik ere CAFen bezero onena den Renfek eskualdeetarako lineetan horrelako sistemako trenen aldeko apustu garbia egina duelako. Dena den, ez da neurriz aldatzea ohiko burdinbideetan eta abiadura handikoetan bietan ibili daitezkeen Brava tren hauek gainditu beharreko oztopo bakarra. Hala, kontuan hartu behar da, burdinbide mota bietan desberdina dela katenaria elikatzen duen tentsio elektrikoa; desberdinak dira, halaber, trafikoa kontrolatzeko sistemak; eta desberdinak dira trenen eta aginte postuen arteko komunikaziorako teknologiak.CAFen Brava trenek bi burdinbideetan erabiltzen diren teknologiak baliatuko dituzte. Hala, abiadura handiko burdinbideetan korronte alternoko 25 kilovolteko tentsioa duten katenarietan ibili ahal izango dira, baita korronte zuzeneko hiru kilovolteko ohiko lineetan ere. Trafiko eta komunikazio teknologiak desberdinak ere bere baitan dituzte Brava trenek.

Talgorentzat 26 tren

CAF-Alstomek lortutako bi adjudikazioez gain, beste bi ere jakinarazi zituen atzo Renfeko administrazio kontseiluak. Horrela, Talgok eta Bombardierrek osatutako konsorzioak 26 tren egingo ditu, burdinbide desberdinetan ibiltzeko gai izango direnak, eta ibilbide luzeetarako erabiliko direnak. Kontratua 370 milioi eurotakoa da. Horrez gain, Talgok burdinbide desberdinetarako balio duten 10 tren-hotel egiteko kontratua ere lortudu 143 milioi eurotan.

Atzokoarekin, orain arte egin dituen kontratu banaketa mamitsuenari ekin dio Renfek. Oraindik, hala ere, kontratu garrantzitsuena gelditzen zaio adjudikatzeko. orduko 300 kilometrotan eta ibilbide luzeetan ibiliko diren 32-40 trenena. Kontratu honek 825 milioi euroko balioa du eta harengatik ari dira lehian, Alstom-CAF, Talgo-Bombardier eta Siemens. CAFek, Alstomekin batera, bi alternatiba aurkeztu ditu lehiaketa horretara. Batek bi solairutako trena aurreikusten du, eta besteak soilairu bakarrekoa, banatutako trakzioarekin. Zenbait iturriren arabera, bi konsorzioen artean banatuko litzateke adjudikazio hau. Hala zion atzo Espainiako Cinco Dias egunkari ekonomikoak: 32-40 treneko kontratutik 20-26 bitartean lirateke Talgo-Bombardierrentzat eta 12-14 bitartean, guztiak bi solairutakoak, CAF eta Alstomentzat. Hasiera batean, Renfeko administrazio kontseiluak kontratu garrantzitsu honen adjudikazioa ere atzo egitea espero zen, baina, enpresatik bertatik Europa Press agentziari jakinarazi ziotenez, kontratu honen esleipena tren egileek eskatzen duten diru kopuru handia dela eta atzeratu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.