Trichetek mehatxu egin du: EBZk apirilean igo ditzake interes tasak

Petrolioaren eta lehengaien garestitzeak inflazioa igotzen ari dira, eta EBZk prezioak kontrolatu nahi ditu

jakes goikoetxea
2011ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
«Posible al da apirilean interes tasak igotzea?», galdetu zioten atzo Jean-Claude Tricheti. «Posible da». Beste edozeinek esanez gero, apirilean interes tasak igotzeko aukera txikia litzateke; Europako Banku Zentraleko presidentearen ahotan, handia. Hitz gutxikoa eta susmoak uxatu zalea, aukera aipatze hutsak dantzan jarri du Europako finantza sektorea. Aukera aipatu ostean, badaezpada, Trichetek kazetariei gogoratu zien EBZk ez dituela bere erabakiak iragartzen.

Interes tasei %1ean eutsi zien atzo EBZk, 22. hilabetez jarraian, baina diru merkearen amaiera espero baino lehenago iritsiko dela esan die Trichetek merkatuei, inflazioaren hazkundeak bultzatuta. Petrolioaren eta lehengaien garestitzeak eragindako prezio igoera kontrolatu nahi du EBZk, eta inflazioaren «zaintza indartsua» egingo dutela esan zuen atzo Trichetek.

«Zaintza indartsua» ez da esamolde neutroa. Iraganean, 2005 eta 2007 artean, EBZk bi hitz horiek erabili izan ditu interes tasaren igoerak iragartzeko. Hurrengo hilabetean edo bi hilabete barru, ziurrenik. Berez, urtearen bigarren erdian espero zen, udazkenean.

Euroguneko inflazioa %2,4koa izan zen otsailean. EBZren aurreikuspenen arabera, epe erdira batez beste %2 ingurukoa izan behar zuen, baina jada iritsi da %2,1era. Eta aurreikuspen horietan ez dago sartuta petrolioak azken asteetan izan duen garestitzea.

Lehengaiak eta elikagaiak ere izugarri garestitu dira otsailean. Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO) oinarrizko elikagaien prezioen gorabeherak neurtzen ditu 1990etik, indize baten bidez. FAOk jakinarazi du urtarriletik otsailera indizearen hazkundea batez beste 236 puntukoa izan dela, inoizko handiena.

Igoera handia ez

Interes tasen igoera erabakitzekotan, ez dela «igoera handia» komeni onartu zuen EBZko presidenteak. Interes tasak igotzeko orduan aintzat hartu dute ekonomia indartzen ari dela. EBZk berak hobetu egin ditu euroguneko aurtengo eta datorren urteko hazkunde prebisioak: barne produktu gordinaren (BPG) %1,3-2,1 aurten eta %0,8-2,8 2012an. Herrialde batzuek hazkunde sendoa lortu dute, Alemaniak batez ere.

Baina beste batzuentzat kezkagarria da Tricheten iragarpena. Espainiarentzat, esate baterako, bertako ekonomia oso ahul baitago.

Herritarrek ere kezkatzeko arrazoiak dituzte. EBZk finantza erakundeei dirua garestiago uzten badie finantza erakundeek ere garestiago utziko diete elkarri, enpresei eta herritarrei. Ondorioz, Euriborrak nabarmen gora egingo du, hipotekak garestituz. Azken hilabeteetan baino gehiago. %1,714ean amaitu zuen otsaila. Eta hipoteka ordaintzeko diru gehiago behar bada, diru gutxiago geratuko da beste gastu batzuetarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.