Ekonomia

Troquenor desjabetzeko eguna biharko dago jarrita

Langileek laguntza eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, desjabetzea gauzatuz gero 120 lagun lanik gabe geratuko direlako.

Miren Garate.
2013ko ekainaren 17a
13:39
Entzun

Saiatu ziren maiatzean, baina ez zuten lortu. Bihar, berriz ahaleginduko dira Sondikako Troqueleria del Norteren pabiloia —lehengo Troquenor— desjabetzen. Hala gertatzen bada "gizarte osoaren aurkako ekintza" izango dela diote langileek. Azaldu dute Troquenor zenaren ugazabek "hondoratu" zutela enpresa, "kudeaketa tamalgarriaren" eraginez, eta gogoratu dute milioika euroren zorrak dituztela erakunde publikoekin. "Desjabetzearekin zituzten zorrei muzin egin eta lantegiaren tresneria baliotsua eskuratzeko aukera izango dute". Horrez gain, 120 langileak kalean geratuko direla adierazi dute. Hala, desjabetzea eragozteko laguntza eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.

Langileek emandako datuen arabera, enpresak 7 milioi euro zor dizkio Eusko Jaurlaritzari; beste 7 milioi Gizarte Segurantzari; eta 3,6 milioi Bizkaiko Ogasunari. "Ezin dugu ahaztu langileok 250.000 euroko zor baten ondorioz kaleratuko gaituztela". Enpresak etorkizuna izan dezakeela nabarmendu dute, dituen tresnengatik eta langileriaren jakinduriagatik.

Maiatzaren hasieran epaitegiko ordezkaria eta sarrailagilea joan ziren kaleratzea burutzeko asmoz, baina lantegi aurrean aurkitu zituzten enpresako 120 beharginak prozesua oztopatzeko asmo irmoarekin. Lantegia ez uzteko erabakia hartua dutela azaldu zieten langile batzordeko ordezkariek epaitegiko ordezkariari zein ertzainei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.