"Kanpaleku bat jartzea pentsatzen ari gara egoera argitu arte". Horixe azaldu du Agustin Troquenorreko langileak, "egunero bezala" lanera joan, eta ezin sartu geratu baitira. Han jarraituko dute, berez lan kontratua dutelako, kontrakorik dioen agindua ez dutelako jaso. Giroa ez da atzo bezain tentsoa. Dagoeneko ez dago ertzainik lantegiaren aurrean, baina "inguruan dabiltza, bueltaka. Kalez jantzitakorik ere badabil inguruan".
Langileen batzordeko kideak Lan Ikuskaritzara joan dira salaketa jartzera. "Lekukotasuna uzteko besterik ez du balio, baina egin beharra zegoen", esan du Roberto Gomezek, LABeko ordezkariak. Gaur enpresa aurrean egongo dira, eta bihar Jaurlaritzarekin eta Bizkaiko Diputazioarekin dituzten bilerak prestatzeko hartuko dute eguna.
Arazoak konpontzeko bideak jar ditzatela eskatzera joango dira bihar. Automozioen estanpagailuen sektorean lana badagoela berretsi dute, eta Troquenorrekiko interesa badutela Euskal Herriko enpresa handi batzuek. "Egoera surrealista da", Gomezen ustez. Alejandro Lopez Carcamo Jaurlaritzaren Industria Garapenerako zuzendariarekin egingo dute bilera. Duela hilabete eta erdi egin zuten harekin beste bat, eta orduan, egoera aztertuko zuela agindu zien. "Esango diogu ea bere erantzuna atzo ertzainak bidaltzearena izan zen, edo besterik baduen". Profesionalak direla, eta lanean jarraitzeko gogoa agertuko diote.
Desjabetzea egin ondoren, konkurtsoaren barruan langileek beren lan egoera zehazteko zain daude, espediente erregularizazio bat irekita baitago, Gomezek azaldu duenez. Ez du zalantzan jartzen langileen etorkizuna kaleratzea izango dela, baina enpresa bideragarria dela nabarmendu du. “Proiektu bideragarria topatzea posible da. Makineriak balio handia du, eta enpresak interesaturik egongo dira”. Urtarriletik ez dute soldatarik jaso, eta sei urte daramatzatela borrokan aurrera eta atzera.