Gerra komertziala

Trumpek beste muga-zerga sorta bat jarriko dio Txinari, 170.000 milioi eurorena

Etxe Zuriak bigarren pausoa eman du gerra komertzialean, eta Txinak "beharrezko erantzuna" iragarri du.

Donald Trump, atzo, Washingtonen. MICHAEL REYNOLDS / EFE
Jon Fernandez.
2018ko uztailaren 11
07:27
Entzun

Tentsioa handitzen ari da AEBen eta Txinaren arteko gerra komrtzialean. Lehen kolpe handia joan den barikuan eman zuen Donald Trumpek: orduan sartu ziren indarrean Txinaren inportazioen kontrako %25eko muga zergak, 28.900 milioi eurorenak. Txinak taimana bereko erantzuna iragarri zuen, AEBetako inportazioei muga zergak jarriz —nagusiki elikagaiei—. Donald Trumpek lau egun behar izan ditu Pekinen erreakzioari beste erantzun bat emateko: muga zerga gehiago. Oraingoan, Txinako produktuen beste zerrenda bat egin du, eta horiei %10eko tarifak ezarriko dizkie, 170.480 milioi eurorenak.

Etxe Zuriaren zerrenda berriak 200 orrialdetik gora dauzka, eta Txinako produktu berriak zerrendatu ditu: tartean, frutak eta barazkiak, zerealak, animalietatik eratorritako produktuak, egurrak, itsasontziak eta eraikuntzako materialak daude, baina baita ere produktu kimikoak, erregaiak, tabakoa eta alkohola, ehungintzakoak, erantzungailu automatikoak, argazkigintzako eta bideogintzako materialak.

Galerak Asiako burtsetan

AEBetako presidentearen erabakiak beldurra eragin du burtsetan. Asiako burtsek galerak izan dituzte muga zerga berrien iragarpena ezagutzearekin batera: Tokioko burtsak %1,19ko galerak izan ditu, hiru eguneko irabazien bolada apurtuta —Japoniak AEBak eta Txina ditu merkataritza bazkide nagusiak—; Seulek %0,59 galdu du; Hong Kongek, %1,29; eta galera handienak Txinako bi burtsek izan dituzte, Shanghaikoak (-%1,85) eta Shenzhengoak (-%1,97). 

Halaber, Trumpen erabakiak haserrea eragin du Pekingo gobernuan. Txinak "onartezintzat" jo du muga-zerga sorta berria, eta iragarri du "beharrezko neurriak" hartuko dituela. "AEBen jarrerak kalte egiten dio Txinari, munduari, eta Ameriketako Estatu Batuei berei. Jokamolde irrazional honek ezin du babesik jaso", adierazi du Txinako Merkataritzako Ministerioak, agiri bidez.

Xi Jinpingen gobernuak beste salaketa bat jarriko du MME Munduko Merkataritza Erakundean, AEBen "aldebakarreko jarrera" salatzeko. Era berean, nazioarteari dei egin dio Pekinek, elkarrekin lan egin dezaten "merkataritza askearen defentsan".

Trumpen "urtebeteko pazientzia"

Etxe Zuriak, bien bitartean, gerra komertziala justifikatzeko argudioak erabili ditu. "Txinaren errepresalien ondorioz, eta bere jardunik aldatu ez duelako" erabaki du Trumpek bigarren muga-zerga sorta jartzea, USTR erakundeak, Merkataritzaren Ordezkaritza Bulegoak, ohar bidez adierazi duenez. "Urtebete baino gehiago egon da Trumpen administrazioa Txinari eskatzen, pazientziaz, alde batera uzteko praktika desleialak, bere merkatua zabaltzeko eta parte hartzeko benetako merkatu lehia batean", gaineratu du. "Argi esan dugu zer gauza aldatu behar dituen Txinak. Zoritxarrez, ez du aldatu bere jarrera, zeinak arriskuan jartzen baitu AEBetako ekonomiaren etorkizuna".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.