TRWren Landabengo lantegiko zuzendaritzak atzera bota du kaleratze kolektiboaren alternatiba gisa langileek mahai gainean jarritako proposamena. 55 eta 59 urte bitarteko 130 langileek bost urtean erretiro aurreratu hartzea nahi du enpresa batzordeak, baina zuzendaritzari gehiegizkoa iruditu zaio epe hori: lantaldea arintzeko prozesua bizkortzeko asmoa dauka. Edonola ere, konpromisoa hartu du datorren astelehenean eskaintza berri bat helarazteko langileei. Nafarroako Gobernuko presidente Uxue Barkosek, berriz, oso bestela hartu du langileen proposamena, "begi onez", uste baitu gobernuak galdegin eta defendatutakoaren ildotik doala.
Zuzendaritzarekin bildu ostean, TRWko enpresa batzordeko zuzendari Josi Alvarezek aurreratu du proposamen hori "lan baldintzez, erretiro aurreratuez eta enplegu erregulazioaz" izango dela bereziki. "Zuzendaritzak ez ditu atzera bota erretiro aurreratuak, baina gure proposamenaren oinarriak ere ez ditu onartu". Alvarezek nabarmendu du TRWko jabeak prest agertu direla lantegiaren etorkizuna "irteera traumatikorik gabe" bermatzeko; zuzendaritzak azaldua du 2018ra arte baizik ezin duela lana ziurtatu.
Volkswagenen atea, irekita
Langileen ordezkariak, ordea, "tentuz" hartu du zuzendaritzaren iragarpena: "Astelehenera arte ez dugu argi ikusiko egiazko negoziazio bat edukitzeko prest dagoen edo ez". Alvarezek, gainera, esker oneko hitzak izan ditu Volkswagenen Landabengo lantegiko langileentzat: Volkswagen Polo modelo berriaren direkzioak TRWko langileek Iruñean egitea proposatu diote Alemaniako auto ekoizleari. Presio egiten jarraitzeko asmoa dute, eta presazko bilera bat eskatu diote multinazionalari. "Atea irekita dago oraindik", adierazi dute.