Ekonomia

TS Fundicioneseko langileek ez dute onartzen eurak jotzea enpresaren itxieraren erruduntzat

Bihar eguerdira arte itxialdia egingo dute Zestoako kiroldegian, eta hura amaitutakoan, manifestazioa.

TS Fundicioneseko langileen itxiera. JON URBE, ARP
Miren Garate.
2014ko otsailaren 20a
16:19
Entzun

Joan den ostiralean jakinarazi zuen TS Fundicioneseko zuzendaritzak itxi egingo zuela lantegia. "Akordioa lortzeko ezintasunak likidaziora eraman du enpresa", zioen prentsa ohar bidez. Haren esanetan, lehentasuna zuen langileekin akordioa lortzeak, ondoren hornitzaile, banku eta gainerako eragileekin negoziatzeko. Langileek diote "inondik inora" ez dutela onartuko eurei botatzea egungo egoeraren errua.

Gaur goizean, Arroatik —han dago lantegia— Zestoako kiroldegira arteko ibilaldia egin dute langileek. Han agerraldia egin ostean, kiroldegira sartu dira, eta itxialdian egongo dira bihar eguerdira arte. Herriko plazatik abiatuta egingo duten manifestazioarekin amaituko da protesta.

Langileek jakinarazi dutenez, "bideragarria" da enpresa. "Beti pentsatu izan dugu hala, eta horregatik egon gara eta egongo gara negoziatzeko prest". Gogoratu dute kobratu gabe ere joan direla lanera, "enpresarentzat onena hori zela uste" zutelako.

Langileen esanetan, bi familiaren arteko gatazka baten erdian daude. Esan dute gaur egungo jabea orain urte batzuk akziodun nagusia zela baina bazkide minoritario bihurtu zela. Orduan, WEC izeneko enpresa ireki zuen, "lehia egiteko". Itziarren eta Agurainen ditu lantegiak. Orain hiru urte, berriro berreskuratu zituen TSko akzioak, eta gaur egun WECek eta TSk zuzendari komertzial berbera dute. Langileen esanetan, ordea, WEC lehenesten du lan kargarentzat.

Jaurlaritzari eskatu diote "langileen alde" jartzeko, eta industria planak jartzeko martxan bai TSrentzat, bai Urolako gainerako enpresentzat ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.