Ekainaren 30a gero eta gertuago dago, baina Greziak eta haren hartzekodunek herrialde haren finantzaketaren inguruko akordioa lortu ezinik dabiltza. EBko iturrien arabera, alde "handia" dago Greziaren proposamenen eta eskakizun komunen artean. Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak "interes politikoei" leporatu die akordiorik lortu ez izana: "Bost urte hauen ondoren, oraindik pentsioak murriztu nahi izatea interes politikoengatik bakarrik uler daiteke". Greziako Gobernuak "pazientziaz" itxarongo du, hala ere, erakundeek "errealismoarekin" bat egitea.
Giannis Varufakis Greziako Finantza ministroaren esanetan, negoziazioak "hutsetik" abiarazi behar dira: "Denok gizakiak gara, eta zaila da huts egiteak aitortzea. Hala ere, Europako erakundeek, Berlinek eta Bruselak bost urtean defendatu duen programa okerra izan dela aitortu beste biderik ez dago".
Besteak beste, pentsioei eta lan erreformari buruzko desadostasunak dituzte bi aldeek. Troikak gehiago txikitu nahi ditu pentsioak, oraingoak jasangaitzak direla argudiatuta. Tsipras, berriz, prest dago erretiro aurreratuak mugatzeko, baina ez du txikitu nahi pentsioen zenbatekoa, pentsiodunek (eta gainontzeko greziarrek) dagoeneko nahiko ahalegin egin dutelako. Lan merkatua gehiago malgutzeari ere uko egiten diote Atenasko agintariek.
Atzoko negoziazioek huts eginda, ostegunean dute hurrengo hitzordua. Europako Batasuneko Finantza eta Ekonomia ministroek eztabaidatuko dute Greziaren eta troikaren arteko auziaz.