"Inork ez du modu irekian aitortu, baina negoziazio prozesuak, de facto, porrot egin du". Sigmar Gabriel Alemaniako Ekonomia eta Energia ministroak egin zituen adierazpenok atzo. AEBek eta EBk bi urte daramatzate TTIP Merkataritza eta Inbertsio Lankidetza Transatlantikoa negoziatzen, baina ez atzera ez aurrera dago azkenaldian, batez ere Europan itunaren aurkako mugimenduak indarra hartu duelako. François Hollandek berak esan zuen udaberrian Frantziak ezezkoa emango liokeela akordioari "gaurko egoeran".
Dagoeneko hamalau bilera saio egin dituzte bi aldeek ituna ixteko ahaleginetan, "eta oraindik ez da testu bakar bat adosterik lortu", nabarmendu du Gabrielek. Itunaren aurkariek Europan argudiatu dute TTIP txeke zuri bat litzatekeela AEBetako konpainientzat, eta nabarmen okertuko lituzkeela EBko osasun, segurtasun eta ingurumen estandarrak.
Alemania, ofizialki, TTIPen defendatzaile sutsua da. Angela Merkelek hala erakutsi izan du behin baino sarriago. Gabrielek, berriz, galdutzat jo du negoziazio prozesua. Barack Obama AEBetako presidenteak eta Alemaniako kantzilerrak urtea amaitu baino lehen itxi nahi zuten ituna, AEBetako hauteskundeak baino lehen, baina ez dirudi helburua lortuko dutenik.
Irailaren 17an itunaren kontrako zazpi manifestazio egingo dituzte Alemaniako zazpi hiri nagusietan. Joan den apirilean ere manifestazio jendetsuak egin zituzten Hannoverren, Obama bisitan joan zenean.