Aurreikusi baino ia hilabete geroago, baina Europarlamentuak eman dio oniritzia TTIPi, Amerikako Estatu Batuen eta Europako Batasunaren arteko merkataritza akordioari. Europako Parlamentuan atzo eztabaidatu zuten haren gaineko txostenaren inguruan, eta gaur egin dute bozketa. Aldeko 436 jaso ditu, eta aurkako 241.
TTIPen alde egin dute talde kontserbadoreak, popularrak, sozialdemokratak eta liberalak —EAJ eta UPD tartean—. Aurka bozkatu dute, berriz, ezkerreko taldea osatzen duten indarrek —EH Bildu, IU, Podemos, Sinn Feinn eta Syryzak, besteak beste—. Itunak aurrera egiteko beharrezkoa zen sozialdemokraten oniritzia. ISDSa izan da zalantza iturri nagusia sozialdemokratentzat. Hau da, inbertitzaileen eta estatuen arteko desadostasunak konpontzeko arbitratze epaitegia. Sozialdemokratek errezeloz begiratzen zioten epaitegi horri. Azkenean, baina, zenbait aldaketa egin dituzte puntu horretan, eta oniritzia eman diote itunari.
Bozketa, hilabeteko atzerapenarekin
Gaur bozkatutako txostena —Bern Langue europarlamentari sozialdemokratak egindakoa—, ekainaren 10ean zen bozkatzekoa hasiera batean. Martin Schulz Europarlamentuko presidenteak, ordea, bozketa atzeratzea erabaki zuen. Legebiltzarreko araudiaren 175. artikuluaz baliatu zen atzerapena argudiatzeko. Artikulu horren arabera, dokumenturen bati 50 zuzenketa baino gehiago aurkeztuz gero, presidenteak erabaki dezake testua dagokion batzordera itzultzea, babes handiagoko beste dokumentu bat egiteko. Langueren txostenari 116 zuzenketa aurkeztu zizkioten.
Ezkerreko taldeak gogor kritikatu zuen Schulzen erabakia. Denbora irabazteko mugimendu gisa ulertu zuten bozketaren atzerapena. Izan ere, une hartan zalantzak ziren nagusi TTIPen aldekoen artean. Sozialdemokraten artean, batez ere. Ondorioz, ez zegoen batere argi bozketa eginez gero emaitza zein izango zen.
Protesta ugari
TTIPen inguruan protesta ugari egin dira azken hilabeteetan. Tartean, Euskal Herrian ere bai. Akordioaren aurkako mugimenduek arrisku asko ikusten dituzte: lan eskubideak mugatzea, zerbitzu publikoen pribatizazioa erraztea, Ingurumen arauak lausotzea edo pribatutasun araudiak ahultzea, besteak beste. Itunaren bultzatzaileek, berriz, ekonomiari bultzada emateko itun gisa aurkezten dute. Bi milioi lanpostu sortuko lituzke, haien arabera.