Enpresak

Tubacex berregituraketak egitea «aztertzen» ari da

Arabako tutugileak urte honetarako aurreikusitako kopuru onak ezerezean utzi ditu koronabirusak. Euskal lantegien jarduera erdira murriztu da, eta bezeroen inbertsio asmoak %40 txikitu. Akziodunen batzarra gaur egin du taldeak.

Tubacexen lantegia Amurrion. JUANAN RUIZ / FOKU
Irune Lasa.
2020ko ekainaren 25a
14:05
Entzun

Urte hau eta hurrengoa «gogorrak» izango dira Tubacexentzat. Koronabirusak erabat irauli du «ona» zetorren urtea, eta haien ahalmenaren %50eko jarduerarekin utzi ditu taldearen hainbat lantegi, tartean Euskal Herrikoak. Eskariak tupustean gelditu soilik ez, Tubacexen bezero diren aeronautika eta energia sektoreetan inbertsioak %40 inguru gutxituko dira.

Horiek horrela, «jarduera erdira murriztu delarik», berregituraketa etorriko dela uste dute enpresaren buruzagiek. «Sektore guztian iragarri dira berregituraketa basatiak. Guk ahalik eta ondoen egingo dugu, baina ezingo diogu utzi berregituraketa egiteari, argi dago».

Gaia aztertzen ari direla azaldu die hedabideei Jesus Esmoris kontseilari ordezkariak, taldeko konpainia bakoitzaren produktuaren eta merkatuaren arabera joango dela berregituraketa. Euskal lantegiei buruz, Esmorisen ustez, «mundu guztiak estutu beharko du gerrikoa. Lehen defentsa enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak dira, baina ezin da enplegu erregulazioan egon bizitza guztian. Merkatuaren eboluzioaren araberakoa izango da guztia».

Erabat ezkor ere ez du agertu nahi izan. «Ikusiko dugu zer gertatzen den datozen hilabeteetan. Ea zer erabaki hartzen dituzten gure bezeroek atzera lanean hasten direnean. Ea suspertzea datorren eta, oxala, erregulazioa edo haren zati bat kendu dezakegun urte amaierako».

Eutsi nahian

Urte hasieran Tubacexen 800 milioi euroren salmentak egitea jarri zion helburu bere buruari, baina gauzak erabat aldatu dira. Urtea galerekin itxiko dutela uste du taldeak, baina Esmorisek zehaztu du azken buruko galerak izango direla, amortizazio eta besteengatik, eta taldearen EBITDA positiboari eutsiko diotela, «kutxa erre gabe eta funtsezko inbertsioak gelditu gabe».

Taldeak finantza egoera ona duela ere gaineratu du Tubacexeko buruzagiak. Bono eta agindu txartelekin, epe motzeko finantzatzearekin kezkatuta zeudela aitortu du, «baina ari da konpontzen». ICO kredituak eskatu ditu Tubacexek, eta, era berean, bankuekin egin beharreko guztia egin eta finantzen berregituraketa egin dutela ere esplikatu du, ordainketa batzuen epea luzatuz. «2008ko krisian enpresak likidezia faltagatik hiltzen ziren, baina krisi honetan ondo egiten ari dira, likidezia emanez enpresa gehienei. Guri behintzat eman digute». Epe motzera, behintzat, Tubacex ez du arriskurik ikusten arlo horretan.

Tubacexek ez du dibidendurik banatuko aurten, eta horretarako aurreikusitako sei milioi euroak bere akzioak erosteko baliatuko ditu. Kontseiluko kideek %30eko murrizketa egin dute euren ordainsarietan, eta %10-30 murriztu dira exekutiboen soldatak. 2020ko bonus guztiak ere kendu egin dira.

 

Merkatua

«Gero eta gehiago gasa gara eta gutxiago petrolioa», dio Esmorisek. Baina oraindik ere petrolioarena da altzairu herdoilezineko eta goi aleazioko tutugilearen merkatu nagusia. Saudi Arabia eta Errusiaren arteko prezio gerrak upela amildu zuen, eta koronabirusak   itzelezko gutxitzea eragin du eskarian. «Ondorioz, azken buruko bezero guztiek iragarri dute murrizketak egingo dituztela langilerian eta inbertsioetan. %30-40 proiektu eta inbertsio gutxiago izango direla aipatzen da, eta horrek zuzenean eragingo digu guri».

Tubacex beste merkatu batzuetan sartzen ari da azken urteetan; automobilgintzan eta aeronautikan, esaterako. Azken horretan datozen bi urteetarako %40tik gorako erorketa espero du Tubacexek, 2022an suspertzea iritsi artean. «Une honetan Tubacexek ez dauka aeronautikako eskaririk. Zero eskari ditugu hortik. Drama bat».

Gaurko akziodunen batzarrera iazko emaitzak ere eraman ditu Tubacexek. Taldeak 614 milioi euroren salmentak egin zituen 2019an, eta 11 milioi euroren irabaziak erdietsi. Emaitza horiek hobeak izango ziren baldin eta Iranen bezero bat hornitzeko 150 milioi euroko kontratua ez balitz ezerezean gelditu, AEBek herrialde horri jarritako zigorren ondorioz.

Joan den urtean, Tubacexek aliantza hitzartu zuen Abu Dhabiko Senaat holdingarekin, eta aliantza horrek NTS taldea erosi zuen. Iaz AEBetan lantegia eraiki zuen Tubacexen Duranten (Oklahoma), herrialde hartan espazioko arloan eta aeronautikan gero eta kontratu gehiago zituelako, eta AEBetako muga zerga politikarengatik.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.