Lan gatazka

Tubacex eta langileak negoziatzeko prest daude, baina marra gorri zorrotzekin

Sindikatuek helegitea kentzeko eskatu dute; enpresa, aldiz, kaleratzeen eragina berdinduko luketen murrizketa «estrukturalak» onartzeko prest legoke

Tubacexeko langile bat Legebiltzarraren aurrean eginiko protestaldi batean. ANDONI LUBAKI / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko irailaren 8a
11:31
Entzun

Tubacexeko zuzendaritzak eta langile batzordeak negoziazioari ate bat irekitzeko prest daude, hori bai, biek marra gorriak ezarri dituzte elkarrekin esertzeko. Zuzendaritzak berretsi du ez duela kenduko egin asmo zituen 129 kaleratzeak indargabetu zituen ebazpenaren aurkako helegitea; oraingoan, baina, salbuespen bat erantsi du: baldintza hori negoziatzeko prest legoke, langile batzordeak planten bideragarritasuna ziurtatuko luketen «neurri estrukturalak” onartuko balitu. Sindikatuek behin eta berriz esan dute behin-behineko neurriak nahi dituztela, alegia, kaleratzerik ez, baina hitz egiteko prest daude enpresak gatazka «benetan» konpondu nahi badu: «Edozein akordiotara iristeko prest gaude helegitea indargabetzen bada», azaldu du Edu Ibernia langile batzordeko presidenteak.

Tubacexeko aldi baterako erregulazioa luzatzeko bilera erronda asteartean amaitu zen, eta enpresak zein langileek biharamunean egin dituzte publiko beren jarrerak. Bi aldeak hitz egiteko prest daude, baina jarrerak oso urrun daude, bien baldintzak ez direlako bateragarriak. Enpresak ezinbesteko ikusten ditu kaleratzeak, edo gutxienez haien eragin ekonomiko bera izango lituzketen murrizketak lan baldintzetan. Hori beteko balitz, langileek uko egin beharko liokete EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenarekin lorturikoari. «Guk ez dugu nahi helegitea kentzea kentzeagatik», zehaztu du Iberniak, «guk indargabetu dadin nahi dugu».

Tubacexek hedabideetara bidalitako ohar batean eman ditu azalpen horiek; hori bai, ez du zehaztu zeintzuk liratekeen onartzeko prest legokeen neurri estruktural horiek. Iberniak, bestalde, kritikatu du orain arte ez dutela inolako akordio asmorik ikusi zuzendaritzaren aldetik, eta ez dakiela negoziazio mahaia berriz indarrean den. Azaldu duenez, azken hilabeteetako bilera proposamen guztiak sindikatuek egin dituzte.

Bien bitartean, Tubacexek Amurrion eta Laudion (Araba) dituen plantetako langileek 210 egun daramatzate greban. Enpresak batzordearekin izandako bileretan onartu duenez, han egin beharreko lanetako batzuk Austriako beste lantegi batera desbideratu ditu. Enpresak batzordeari bota dio egoeraren errua; Iberniak, aldiz, bulegoetan ikusten ditu arduradunak: «Plantak arriskuan badaude, enpresak eginiko erregulazioarengatik da, eta ateak itxi dizkietelako bestelako konponbideei».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.