Enpresak

Tubacexek 23,3 milioi euroren galerak izan ditu lehen seihilekoan

Taldearen berregituraketa «amaitutzat» eman du konpainiak, Laudioko eta Amurrioko lantegietan izan ezik. Urtearen bigarren zatian «emaitzak pixkanaka hobetzea» espero du.

Tubacexeko langileak, Laudioko lantegiaren aurrean. ARITZ LOIOLA (FOKU)
jokin sagarzazu
2021eko uztailaren 27a
11:09
Entzun

Tubacexek 23,3 milioi euroren galerekin itxi du urteko lehen seihilekoa, eta salmentak 160 milioi eurorenak izan dira, iazko epe berean baino % 43,3 gutxiago. Konpainiak azaldu duenez, eskaera zorro oso eskasarekin hasi zuen urtea, eta horrek «jarduera maila txikiak» eragin ditu taldeak munduan dituen planta guztietan, «batez ere Arabako lantegietan». Otsailetik greban daude Laudioko eta Amurrioko plantetan, kaleratzeen aurka. EAEko Auzitegi Nagusiak kaleratzeak baliogabetu ondoren, negoziazioak abiatu dituzte enpresak eta sindikatuek.

Jesus Esmoris Tubacexeko kontseilari ordezkariak adierazi duenez, krisi estrukturalak joa du tutugileen sektorea, eta pandemiak eta ekonomia deskarbonizatzeko helburuen bizkortzeak «larriagotu» egin dute egoera; Tubacexek, halere, «etxeko lanak» egin dituela azpimarratu du. «Kostuen murrizketa estrukturala egin dugu, eta enpresa errealitate berrira egokitzea ahalbidetuko duen plan estrategiko batean ari gara lanean».

Esmorisek azpimarratu duenez, enpresa «trantsizio energetikorako» prestatu da. Zehaztu du gasaren segmentuan merkatu kuota handitu dutela eta produktuak geografikoki eta sektoreka dibertsifikatu dituztela, «petrolioa ez den beste batzuetara».

Horiek hala, eskari zorroa eta plantetako ekoizpena handitzen ari dela azpimarratu du, urtearen bigarren erdialdean «emaitzen hobekuntza mailakatua» espero dutela, eta «susperraldi nabarmenagoa» 2022rako.

Dena den, 338,5 milioi euroko zorrarekin egin beharko du aurrera konpainiak, abenduan baino handiagoa, berregituraketa planean jasotako kalte ordainengatik eta Indiako enpresa bat erosi izanak eragindako ezohiko gastuengatik.

Halere, hodi fabrikatzaileak dio 2020an abian jarritako planari esker taldeak nahikoa gihar duela zorrari aurre egiteko, eta ziurtatuta dituela 2025era arteko maileguen ordainketak. Aurreikusten du 2022aren erdialderako pandemia aurreko zorpetze ratioetara itzultzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.