Tubacexeko zuzendaritzak Amurrio eta Laudioko (Araba) plantetako lan gatazkako korapiloa are gehiago estutzea erabaki du. Langile batzordeari jakinarazi dioenez, ez ditu lan txandetan sartuko EAEko Auzitegi Nagusiak behartuta berriz onartu behar izan dituen 129 langileak. Langile horien izena eman du Gizarte Segurantzan, eta etxean izango ditu soldata jasotzen, baina ez die lantegietan sartzen utziko. Orain sindikatuek zer egiten duten ikusi beharko da, 150 egunetik gora daramatzate greban, eta esana dute enpresak lan erregulazioa indargabetu zuen sententzia bere osotasunean bete ezean ez dutela protestaldia utziko.
Tubacexek ITP Aero PCBk Barakaldo eta Sestaoko plantetan (Bizkaia) hasitako bidea jarraitu du. Kasu hartan epaileak erregulazioa indargabetu zuen, eta langileak berriz hartzera behartu zituen, baina maiatzaren 4tik plantan sartu gabe daude. Tubacexen kasuan epaileek ebatzi zuten enpresak ez zuela erregulazio bat abian jartzeko arrazoi ekonomiko edo ekoizpenekorik, zuzendaritzak, baina, aurkakoa uste du eta helegitea jarri du.
Trikimailu legal honekin Tubacexek sententzia betetzat ematen du. Baina zer dio zehazki? Bi ebazpen dira, planta bakoitzeko bana, eta ezberdin idatzita daude. Aceralavakoan (Amurrio) zera dio: «Erabakia indargabetzen dugu, kaleraturiko langileak berriz hartzeko obligazioarekin eta tramitazio soldaten ordainketarekin». TTIkoa (Laudio), aldiz, zehatzagoa da: «kaleratze kolektiboa indargabetzen dugu, eta salaturiko enpresa zigortzen dugu kalteturiko langileak birkokatzera kaleratze kolektiboaren aurretik beraien zerbitzuak eskaintzeko zituzten baldintza berdinetan, eta kontratuak eten zirenetik jasotzeke dituzten soldaten ordainketarekin».
Legezkoa da
Zer egin dezakete orain langileek? Enpresak helegitea jarria du Auzitegi Gorenean, eta hura argitzen den bitartean --hamar hilabete inguru izan daitezke--, erabaki dezakete epaia ez gauzatzea, alegia, lankargarik ez ematea, beti ere soldatapean badaude eta Gizarte Segurantzan izen emanda. Horren aurrean langileek erabakia aurkatu dezakete eta epaileei eskatu zehaztu dezatela nola gauzatu behar den ebazpena behin behinean. Ebazpena eman zuten epaileek erabakiko lukete hori.