Tubacexeko lan gatazka marrazten ari den labirintoan beste urrats bat egin du auziak, enpresak urte amaiera arte indarrean jarri nahi duen aldi baterako erregulazioaren negoziazioa dela eta. ABEE hori irailaren 11n hasiko litzateke, eta kaleratu asmo dituen 129 langileak erregulazioan sartzea erabaki du Arabako konpainia hodi egileak. Erregulazioa negoziatzeko bileran, langile batzordeak garbi utzi du neurri traumatikoak marra gorria direla oraindik, eta eskatu dio enpresari aurretiazko erretiroekin eta borondatezko bajekin laguntzeko erregulazioa; halaber, enplegu bermea eskatu du batzordeak, behintzat 2024. urtera arte, eta trukean lan hitzarmenean jasotako enplegu sorrerari uko egin lioke.
Alegia, COVIDari lotutako aldi baterako erregulazioaren negoziazioa baliatzen ari da batzordea kaleratzeen gatazka bideratzeko. «Lantalde osoari enplegu berme bat emango dion soluzio bat bilatzen saiatzen ari gara», esan du batzordeak. Aldi baterako erregulazioa adostearekin batera jatorrizko auzia konpon daitekeela uste dute langileen ordezkariek. Laudio eta Amurrioko fabriketan 129 langile kaleratu eta aurrez erretiratu zituen enpresak, baina justiziak berriro lantaldean sartzera behartu zuen.
Orain, lan itunean jasotako enplegu berriaren sorrerari uko egingo lioke batzordeak; hori da enpresari eskaintzen ari zaizkion osagai sendoetako bat, trukean kaleratzeak egin ez daitezen. Lantaldea erretiro aurreratuekin eta borondatezko bajekin—pizgarrien laguntzaz— murritz daitekeela uste dute beharginen ordezkariek, eta horrela eskatu diote zuzendaritzari. Bien bitartean enplegua ez azpikontratatzeko konpromisoa ere eskatu diote enpresari.
Eta helegitea, zer?
Langile batzordearen erronka handienetakoa baita zuzendaritzak uko egitea EAEko Justizia Auzitegi Gorenaren epaiari jarritako helegiteari. Kaleratzeak baliogabetu zituen ebazpenaren aurkako helegite hori Damoclesen ezpata moduko bat da berriro lantaldean hartu behar izan zituzten 129 langileentzat; Tubacexeko auziarentzat edozein irtenbidek helegite hori erretiratzea jaso beharko luke, beraz.
Batzordeak ez du zuzendaritzaren erantzunik jaso oraindik, baina datorren astelehenean elkartuko dira aldeak berriro, eta bilera horretan jakingo dute enpresaren asmoak nondik nora doazen. Laudio eta Amurrioko langile guztientzat da konpainiak mahairatu duen aldi baterako erregulazioa, lanaldiaren %70 murrizteko urte bukaerara arte.