Lan gatazka

Tubacexeko kaleratzeak indargabetu egin ditu EAEko Auzitegi Nagusiak

Enpresak berriz ere onartu beharko ditu lan erregulazio bitartez kaleratu asmo zituen 129 langileak. Berdina ebatzi dute Laudio eta Amurrioko plantetan. Enpresak helegitea jarriko du. 

Tubacexeko langile batzuk kaleratzen gutunak erretzen. AIARALDEA
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko uztailaren 6a
13:28
Entzun

EAEko Auzitegi Nagusiak indargabetu egin ditu Tubacexek Laudioko eta Amurrioko (Araba) plantetan egin bi lan erregulazio espedienteak. Lan arloko sailak onartu egin du sindikatuek jarritako helegitea, eta enpresak onartu egin beharko ditu kaleratu asmo zituen 129 langileak. Sala horrek indargabetzen duen bigarren erregulazio espediente handia da, ITP Aero PCBk egin asmo zuenaren ondoren.

Ebazpenak ez dira publiko egin oraindik, baina dagoeneko jakina da epaileetako batek boz partikularra eman duela. Enpresak Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea jartzeko asmoa publiko egin du, eta boz partikular horrek onartua izateko aukerak handitzen ditu. Helegiteak, baina, ez du ebazpena bete beharra oztopatzen. Langileen erreakzioa zein den ere ikusi beharko da; 146 egun daramatzate greban.

Edu Ibernia langile batzordeko buruak azaldu duenez, langileak bilerara deituko dituzte, eman beharreko hurrengo pausoak aztertzeko. Lan erregulazioarekin batera enpresak aldi baterako erregulazio bat onartua zuen, eta ebazpenak haren inguruan zerbait esan duen jakin nahi dute. Izan ere, epaitegiak langileen tesia onartu du, eta, ondorioz, Tubacex jasaten ari den ekoizpen jaitsiera COVID-19arengatik dela ebatzi du, eta aldi baterako erregulazioa ere haren aitzakian eskatu zuela enpresak.

Aiaraldea.eus agerkariak azaldu duenez, langile ugarik lantegi aurreko piketean ezagutu dute albistea. Poza nagusitu da, eta ate aurreko zuhaitzean eskegita zituzten panpinak erre dituzte.

Enpresak helegitea jarriko du

Tubacexeko zuzendaritzak ebazpenari helegitea jarriko dio. Presazko lehen balorazio bat egin du, eta ebazpena aztertzeke duen arren, erabakia ez dela ezustekoa izan onartu du. Zuzendaritzaren arabera «ulertezina» da epaileek ez kontuan hartu izana petrolioaren eta gasaren sektoreak bizi duen aldaketa garaia. Era berean, eta Tubacexek bizi duen egoera larria ikusita, ez du ulertzen epaileen ustez krisia eragin duten arrazoiak behin-behinekoak izatea, COVID-19arengatik 2020an hasiak, eta ez egiturazkoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.