Lan gatazka

Tubacexeko langileek ez dute greba utziko enpresak epaia betetzen duen ikusi arte

Zuzendaritzari bilera eskatu diote ebazpenaren inguruko haren asmoen berri izateko. Lanuztearen 148. eguna dute.

Tubacexeko lau langile epailearen ebazpena ospatzen, Laudioko plantaren atean. AIARALDEA.EUS
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko uztailaren 7a
18:47
Entzun

Tubacexeko langileek, momentuz, ez dute greba bertan behera uzteko asmorik. Gaurkoa 148. eguna dute, eta lanuzteari eutsiko diote enpresak lan erregulazio asmoa baliogabetu zuen ebazpenaren agindua bere osotasunean betetzen duen ala ez ikusi arte. Zuzendaritzak beste lau eguneko epea du kaleratu asmo zituen 129 langileen izena Gizarte Segurantzan eman, eta haiek berriz ere lan txandetan sartzeko. Haren pausoek argituko dute etorkizuna.

«Pilota enpresaren teilatuan dago orain», nabarmendu du Eduardo Ibernia hodigintza enpresak Amurrio eta Laudion (Araba) dituen plantetako langile batzorde bateratuko presidenteak. ELA sindikatuak ebazpenaren balorazioa egiteko antolaturiko agerraldian eman du bere iritzia: «Ebazpena argia da. Zuzendaritzari esaten dio langile guztiak onartu behar dituela kaleratu zituen ardura eta baldintza berdinekin». Egia da hori, enpresak Auzitegi Gorenean helegitea jartzeko asmoa duen arren, horrek ez du epaia betetzetik salbuesten. Dena den, bada aurrekari gatazkatsu bat, ITP-PCBren kasuan kaleratu nahi zituzten langileak oraindik ez dira itzuli lantegira.

Batzordeko sindikatuek --ELAk eta STATek launa ordezkari dituzte, CCOOk hiru eta LABek eta Independenteak sindikatuak bana-- bilera egin dute arratsaldean, eta bilera eskaera egin diote zuzendaritzari ebazpena bete arte gerta daitezken egoerak azaltzeko. Era berean erakunde publikoen inplikazioa eskatu dute ebazpena bete dadin. Iberniaren ustez ebazpen hau «oso baliotsua» da langileentzat, arrazoia eman diete, eta ez dute zertan presaka ibili.

Iberniak gogor kritikatu du enpresak hilabete hauetan izandako jarrera, haren ustez ebazpenak argi utzi duelako ez zuela erregulazioa egiteko arrazoirik. Era berean, grebaren garrantzia goratu du, eta hark epaiketan eragina izan duela nabarmendu. Azkenik alderdi politikoei mezua bidali die: «Zorion mezuak bidali dizkigute, baina. orain haiei dagokie lan erreforma indargabetzea. Kasu hau epaitegira iritsi bada, erreforma horrengatik izan da. Hura onartu izan ez balute, ez zukeen lan ikuskaritzaren filtroa pasako».

Politikariei zuzendu zaie, besteak beste, Yolanda Diaz Espainiako lan ministroak ebazpenaren inguruko iritzia eman duelako, hura «albiste oso ontzat» joz. Iñaki San Andres ELAren lan erregulazioen kudeaketa taldeko kideak hitz horien garrantzia xehetu du: «Legegileak berak dio albiste ona dela. Hark hori badio, epaileek legea ondo aplikatu dutenaren seinale. Hori bai, hobe zuen argigarriagoa izan balitz, eta horrela ez lirateke interpretazio ezberdinak egongo». Hari horri tiraka, Alberto Abasolo abokatuak azaldu du EAEko Auzitegi Nagusia dagoeneko ez dela koronabirusak eragindako kaleratzeak indargabetu dituen bakarra, eta Asturiaskoak (Espainia) ere bi aurrekari ezarri dituela.

Ebazpen «oro argia»

Tubacexeko epaiketetan Abasolok gidatu zuen langileen defentsa, eta ebazpena «oso argia» dela nabarmendu du, eta hori ona dela Madrileko epaiketara begira. Aletu du erregulazioa baliogabetzean COVID-19aren eraginez kaleratzeak egitearen debekuan oinarritu direla, baina epaileek esan dutela ez zegoela horrelako erabakirik hartzeko arrazoi ekonomikorik, ezta egiturazkorik ere, eta «are gutxiago» produktiborik: «Tubacexek galerak puztu zituela diote, eta hori oso larria da. Zentzu horretan 2020ko eta 2021eko galerak aipatzen ditu enpresak. Nola ez ditu galerak izango 2020an langile guztiak etxean bazeuden? [aldi baterako bi erregulazio onartu zituen iaz] Eta 2021koen berri ematean enpresak ez zuen esan langileak greban zeudela otsailaren 5etik».

Azalpen luzea eman du, eta, besteak beste, esan du erregulazioaren negoziazio epean enpresak petrolioaren prezioa baxua erabili zuela argudio bezala: «Epaileek zera leporatzen diote: negoziazio epean petrolioa merkatzea txarra bazen, gero garestitzen bada ezin dela berriz ere txarra izan». Era berean, gehitu zuen epaileek nabarmendu dutela Tubacexek oraindik ez duela sosik inbertitu balizko «eraldaketa jasangarri» batean, eta hori gabe ezin dela arrazoi bezala erabili teknologia berrien aitzakian lantaldea murrizteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.