Tubacexeko langileek greban jarraitzea erabaki dute. Protestaldiko 159. eguna dute, eta horrela jarraituko dute enpresak kaleratu asmo zituen lankideak lan txandetan sartu arte. Langile batzordeak bilera egin du, eta bertan hartu du erabakia. Enpresari eskatu diote EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpena bere osoan betetzea. Era berean, oinarri hori errespetatzen duen edozein negoziazio prozesutan sartzeko prest daude.
ELAko eta LABeko ordezkariek greba eustearen alde bozkatuko zutela esana zuten, baina beste sindikatuek zer egingo zuten argitzeko zegoen. Langile batzordeko ordezkaritza duten sindikatuek (ELAk lau ordezkari ditu, CCOOk lau, STATek hiru, LABek bat eta Independenteek bat) barne bilerak egin dituzte asteburuan, eta gaur bateratu dituzte iritziak. Gehiengoak grebaren alde egin du. Bien bitartean, langileek eguneroko piketeak mantentzen ari dira Laudio eta Aguraingo plantetan (Araba).
Mugitu direnak enpresak kaleratu asmo zituen 129 langileak dira. EAEko Auzitegi Nagusiak haiek soldatapean hartzera behartu zuen enpresa, eta hemendik aurrera jasotzen dituzten ordainketekin erresistentzia kutxa paralelo bat osatuko dute greban dauden langileei laguntzeko. Hasi gainera, udako ordainketa bikoitzarekin hasiko dute funtsa. Dena den, salatu dutenez, oraindik ez dute jaso Gizarte Segurantzan alta eman dietelako baieztapenik.p>