Lan gatazka

Tubacexeko sindikatuek afiliatuei galdetuko diete grebarekin jarraitu ala ez

Barne bilerak egingo dituzte iritziak biltzeko eta aurki elkartuko dira berriz ondorioak bateratzeko

Tubacexeko langileen protestaldia, EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko uztailaren 14a
18:28
Entzun

Tubacexen ordezkaritza sindikatuek (ELA, STAT, CCOO, LAB eta independenteak) haien afiliatu eta aldekoei galdetuko diete grebarekin jarraitu ala ez. Langile batzordeko kideek asteazken arratsaldean eginiko bileran harturiko erabakia da. Sindikatu bakoitzak barne bozketa egingo du, eta langile batzordea aurki bilduko da berriz iritziak bateratzeko. ELAren bilera ostiralean izango da; beraz, goiz jota egun horretako arratsaldean elkartuko da berriz batzordea.

Tubacexeko langileek 154. greba eguna dute gaur, eta protestaldiarekin jarraitu ala ez erabaki behar dute orain. Azken asteetan lan gatazkak bi mugarri handi izan ditu: batetik, EAEko Auzitegi Nagusiak indargabetu egin zuen enpresak egin zuen lan erregulazioa; eta bestetik, enpresak erabaki du ez dituela plantetan onartuko kaleratu asmo zituen 129 langileak. Hori bai, ebazpena beteko du eta soldatapean mantenduko ditu. Egoera hori legezkoa da Auzitegi Gorenak enpresaren helegitearen inguruko ebazpena eman arte, eta hamar hilabete inguru pasa daitezke hurrengo epaiketa egin aurretik.

Tubacexek Amurrio eta Laudion (Araba) dituen plantetan 700 langilek dihardute, eta langile batzordeak esana du ez dutela greba bertan behera utziko enpresak kaleratu asmo zituen langileak txandetan sartu arte. Orain, baina, fase berri batean sartu da gatazka, eta baliteke langile batzuk estrategia aldatzearen alde egotea. Hori ikusita langile batzordeak barne bilera horiek egitea erabaki du. Zuzendaritzak, bere aldetik, esana du onartuta zuen aldi baterako erregulazioa luzatuko duela, beraz, greba bertan behera uzten badute, langileak murrizketekin itzuliko lirateke plantetara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.