ENPRESAK

Tubacexen irabaziak %64 jaitsi dira, merkatuaren egoera "ahulak" eraginda

Petrolio merkeak eta lehengaien prezioen jaitsierak Arabako enpresaren salmentak %2,4 apaldu ditu. Sektoreko eskariak %30 eta %50 artean murriztu badira ere, galerarik gabe itxi du 2015a lan altzairu tutuen konpainiak: 8,4 milioi euro irabazi ditu.

Tubacexek Amurrion (Araba) duen lantegia. JUANAN RUIZ, ARGAZKI PRESS
Oihan Vitoria.
2016ko otsailaren 26a
11:24
Entzun

Petrolioaren eta nikelaren prezioaren beherakadak eragin negatiboa eduki du Tubacexen 2015eko balantzean. Arabako enpresari %64 murriztu zaizkio irabazi garbiak, eta salmentetan ere %2,4 egin du atzera. Salmentak apalduta ere, ez du galerarik izan. Inpaktua "gutxitzea" lortu du plan estrategiko baten bidez: 2015ean 8,4 milioi euroko mozkin garbiak lortu ditu, betiere sektorearen eskariak nabarmen apaldu zaizkiola jakinda, %30 eta %50 bitartean. Kopuru horretatik %40 akziodunei dibidendu gisa ordainduko die aurten: hain justu ere, 0,02 euro emango ditu akzio bakoitzeko. Energia sektoreari begira egiten du lan altzairu tutuen konpainiak.

Oro har, urte zailari aurre egin behar izan dio Tubacexek, baina sektorearen egoera "ahula" kontuan hartuta, emaitzak ez dira "txarrak" izan, enpresako arduradun Jesus Esmorisen hitzetan. Ahulezia hori joan den urteko amaieran islatzen da. Azken hiruhilekoan salmentak %20 jaitsi dira, eta 5,4 milioi euroko galerak izan ditu. Arazoak arazo, Arabako enpresak guztira 533,4 milioi euro eskuratu ditu salmentetan. Esmorisen aburuz, Tubacexen "bereizgarriek" ahalbidetu diete merkatuaren testuinguru negatiboa "modu eraginkorrean" kudeatzea eta kolpea arintzea.

Bigarren hiruhilekotik aurrera, ostarteak

Bi gako aipatu ditu konpainiak egoerari buelta emateko giltzarri gisa: tutuak "bizkor" dibertsifikatzea eta enpresa berriak erostea. Horren erakusle da Tubacexek Indiako Prakash enpresaren %68 erosi zuela iazko udan; 250 langileko enpresa da, eta 25 milioi euro fakturatzen ditu urtean. 2016rako antzeko aurreikuspenak egin ditu Arabako enpresako ordezkariak. Lehen hiruhilekoan merkatuaren "gainbehera zitalaren" ondorioak nozitzen jarraituko dutela ohartarazi du Esmorisek, CNMV burtsa ikuskatzaileari igorritako informazioan. Bigarren hiruhilekotik aurrera, ordea, egoerak hobera egiteko itxaropena du. "Hobekuntza mailakatua" espero du, balio erantsi handiagoa duten produktuetan kuota handituta eta proiektu berriak erakartzeko duen oinarria baliatuta.

Arabako multinazionalak, bereziki, petrolio eta gas bilaketan ari diren enpresa, findegi edo argindarra banatzen duten konpainientzat ekoizten ditu soldadurarik gabeko altzairu hodiak, eta munduko lider da 1970ean burtsan kotizatzeari ekin zionetik. Ibex Small Caps indizean kotizatzen du Arabako enpresak. Merkatuan duen kapitalizazioa 235 milioi eurokoa da gaur egun, eta 2.300 langile ditu. Nazioarteko merkatuan sendotzea dauka erronka nagusi. Izan ere, Asian (Txinan eta Indian), Amerikan (AEBetan eta Brasilen) eta Europan (Frantzian, Italian eta Austrian) ditu lantegiak: horietatik bi, Arabako Aiaraldean; Laudion eta Amurrion.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.