Lan ezbeharrak

Tubacexen izandako istripu dela eta, zuzendaritzari salaketa jartzekotan da enpresa batzordea

Amurrioko (Araba) Tubacexen herenegun izandako eztandaren ardura zuzendaritzari egotzi dio enpresa batzordeak. Istripua dela-eta salaketa jartzeko asmoa duela adierazi du. Aste honetan gertatu diren lan ezbeharren harira, protesta ekintzak egin dituzte gaur Laudion (Araba), Amurrion eta Beasainen (Gipuzkoa).

2006ko irailaren 1a
19:24
Entzun
Lan istripuak gutxitzeko prebentzioa lelopean, ordubeteko lanuztea egin dute gaur Amurrion eta Laudion, herenegun izandako leherketan zauritu ziren 17 lagunak gogoan. Iñaki Gallego LAB sindikatuko batzordeko ordezkariak istripuaren “larritasuna” azpimarratu du eta Tubacexen ekoizteko abiadura “eramanezina” dela salatu.

Tutueria bateko ihesarengatik hezea zegoen eta lehorra behar zuen zorura altzairu goria isuri zenean gertatu zen eztanda asteazkenean. Istripua gertatu aurretik zorua hezea zegoela jakinarazi zela esan du LABekoak, baina ez zela neurririk hartu.

Istripua gertatu ondotik tutueriaren ihesa eta hondatutako isurbideak konpontzeari ekin ziotela adierazi du Gallegok. Konpontze lan horiek istripua baino lehen ez egin izana salatu du.

Lantegiko zuzendaritzak istripuaren harira eman dituen azalpenak “ez direla nahikoak” esan du. Zuzendaritzak enpresa batzordeari mehatxu egin ziola ere adierazi du, gaurkoa bezalako lanuzteak egiteagatik.

Bestalde, Beasainen ere gaur eguerdian elkarretaratzea egin dute udaletxe aurrean, herenegun basoan lanean ari zela moztu berri zuen pinuak azpian harrapatuta hil zen langilearen heriotza salatzeko.ELA, LAB, ESK eta EILASek deituta egin dute elkarretaratze bat; CCOOk antolatuta beste bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.