Donald Trump AEBetako presidenteak atzerriko altzairuari muga zergak igotzeko hartutako erabakia larrutik ari da ordaintzen Tubos Reunidos. Hiru urteko galeren ostean, asko kostata, iazko urtea mozkinekin amaitzea erdietsi zuen Amurrioko taldeak. Gerrikoa estutu, eta produktibitatea %10 eta salmentak %60 handitu zituen, gutxieneko etekin bat lortzeko. Baina aurten atzera zenbaki gorrietara itzuli da taldea. Urteko lehen hiruhilekoan 8,6 milioi euro galdu zituen, nahiz eta salmentei eutsi.
Tubos Reunidosek bere salmenten %45 egiten ditu AEBetara, eta hango muga zergek pisu handia dute taldearen emaitzetan. Gauzak horrela, Tubos Reunidosek bankuekin negoziazioa abiatu du, bere 212 milioi euroko zorraren parte handiena hartzen duen 207 milioi euroko mailegua pagatzeko baldintzak berritu nahian, gaur CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari bidalitako agirian azaldu duenez.
Banku horiekin azken akordioa joan den urte hasieran lortu zuen Tubos Reunidosek, 2022. urteraino luzatuz mailegua ordaintzeko epea.