Tubos Reunidos konpainiak atzo bertan aurkeztu zion CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari bere ustiapen emaitzak hobetzeko xedez abiatu duen plan estrategikoa. Argi dago Amurrioko taldeak pizgarri bat behar duela, iazko urtea 50 milioi euroren galerekin itxi ostean. Eta are gehiago altzairuzko tutuen kontsumitzaile handienak diren petrolio eta gas industriak oraindik krisian egonik. Hori gutxi balitz, hirugarren hiruhilekoan Harvey urakanak konpainiak Texasen (AEB) duen lantegiaren jarduna baldintzatu du. Eta, nagusiki esportatzaile den heinean, dolarrarekiko euro indartsuak ere ez dio mesederik egin.
Gauzak horrela, aurten ere dirua galtzen ari da Tubos Reunidos. Gaur eman dituen datuen arabera, urtarriletik irailera bitartean 17,5 milioi galdu ditu. Hori bai, iaz epe berean baino gutxiago galdu du, %32 gutxiago. EBITDA ustiapen emaitza gordinaren emaitza hobetu izanak ekarri dio hori. Iaz, 5,7 milioi euroko ebitda negatiboa izan zuen Amurrioko taldeak urtarriletik irailera, eta aurten, berriz, EBITDA positiboa izatea lortu du, 15 milioi eurokoa.
EBITDA hobetzeko bere plan estrategikoaren arabera, datozen bi urteetan Tubos Reunidosek 45 milioi euro gehitu beharko lizkioke emaitza horri. 45 milioi horietatik 15 milioi euro merkataritza marjina hobetzetik etorriko lirateke, esaterako, gama goreneko tutuetan espezializatuz edota banatzailerik gabeko salmenta zuzenak handituz. Beste 30 milioi euroko ekarpena, planaren arabera, kostu murrizketatik etorriko litzateke. %10-12ko kostu murrizketa aurreikusten du Tubos Reunidosek fabrikatutako tona bakoitzeko, eta hori lortzeko langileriaren formazioa eta absentismoa apaltzea aipatu ditu. Sindikatuak, dena den, beldur dira enpresak ez ote dituen lanpostu zenbait desagerraraziko. Tubos Reunidosek 228 milioi euroko zor garbia zuen irailaren amaieran.
Tubacex
Laudioko Tubacexek ozta-ozta eusten die zenbaki positiboei. Urtarriletik irailera bitartean 1,1 milioi euro irabazi ditu soilik, iaz epe berean baino %66,4 gutxiago. Konpainiaren arabera, zuzenean ari dira nozitzen petrolio eta gas merkatuko krisia, eta merkatu kuota handitu izanari eskertu behar diote irabazietan jarraitzea. Hala ere, zorra dezentekoa du, 224 milioi eurokoa, batik bat 2015. urtean bi konpainia erosi zituelako. Zorpetze ratioa apalduz joango dela uste du Tubacexek, besteak beste, datozen hiru urteetarako lotuta daukan 700 milioi euroko eskaera zorroari esker.