CNMV Espainiako Balio Merkatuen ikuskatzaileak azaldu du Tubos Reunidosek (TR) AEBetako Rotary Drilling Tools (RDT) konpainia erosi duela 19,6 milioi euroren truke. Soldadurarik gabeko hodiak egiten ditu Arabako konpainiak, eta Pedro Abasolo enpresako presidenteak adierazi du azken erosketa enpresako plan estrategikoa betetzeko "pauso erabakigarria" izango dela.
Petrolioaren merkatzeak gogor jo du Tubos Reunidos, petrolio konpainiek inbertsio proiektuak geratu dituztelako eta euskal enpresari hodien eskaera nabarmen gutxitu zaiolako. Jaitsiera hori batez ere Ipar Amerikan jasan du, petrolio merkearen biktima nagusia fracking bidezko zulaketak izan direlako. Iaz, hain zuzen, 16,1 milioi euroren galerak izan zituen TRk.
AEBetako Rotary Drilling Tools bereganatuta, "mugarri estrategikoa" jarri du konpainiak Abasoloren arabera. "RDTren erosketarekin, 2012an hasitako inbertsio planaren amaierarekin, eta Murubeni Itochu Tubularsekin lortutako akordio estrategikoarekin, egin dugu gure negozio nagusia eraldatzeko estrategia, eta premium hodien hornitzaile bezala sendotuko gara".
RDTk Houstonen (Texas, AEB) du egoitza, eta erreferentziazko fabrikatzailea da sektorean: balio erantsi handiko eta diseinu berritzailedun produkzio espezializatuko instalazioak dauzka, eta zulaketa eta petrolioa eta gas ekoizpenerako teknologia aurreratua dauzka. RDTrekin Tubos Reunidosek logistikan, kostuetan eta malgutasunean irabaziko duela uste du konpainiak, eta Ipar Amerikako petrolioaren eta gasaren merkatuan duen posizioa indartuko du.
Erregulazio dosierrak euskal lantegietan
Indar guztia konpainiaren negozio nagusian, hau da, soldadurarik gabeko hodietan jarri nahi duela iragarri zuen konpainiak ekainean, autogintzan zituen negozioak Mubeari saldu zizkionean. Izan ere, Inauxa eta EDAI enpresetan zuen zatia Mubea Alemaniako multinazionalari saldu dio TRk, 33 milioi euroren truke —Inauxak eta haren barrutik sortutako Edaik 350 langile dituzte Amurrion—.
Konpainiak aldi baterako lan erregulaziorako espedientea aurkeztu zuen martxoan Amurrioko lantegiko (Araba) 900 beharginentzat, eta otsailean lanaldia erdira murrizteko txosten bat aurkeztu zuen Galindoko Productos Tubulares adarraren 398 beharginentzat (Trapagaran, Bizkaia).