Lana erregulatzeko dosierren albisteek ez dute etenik egunotan. Galindon (Bizkaia), Productos Tubulares enpresako beharginek jaso dute berri txarra orain. Tubos Reunidoseko zuzendaritzak aldi baterako erregulazio dosierra aplikatu nahi die lantaldeko gehienei: 430 langileetatik 398ri eragingo lieke enplegua aldi baterako galtzea ekarriko lukeen neurri horrek. Urtebete iraungo luke, eta lanaldia erdira murriztuko luke.
Petrolio merkearekin, sektoreak nabarmen jaitsi du inbertsioa, eta Tubos Reunidos bete-betean harrapatu du horrek. Hala jakinarazi dio gaur zuzendaritzak lan batzordeari, eta aldi baterako erregulazioaren berri eman dio. Hala, 398 behargini lanaldia erdira murritu nahi die enpresak, urtebetez. Beste 100 langile baino gehiagok ohiko lanaldian jarraituko lukete Galindon.
Zuzendaritzak dosierraren agiriak helarazi ditu, eta kontsulta epea abiatu da dagoeneko gaurko bilerarekin. Martxoaren 2an, 4an eta 8an egingo dituzte beste batzarrak alde biek, eta negoziazio horretan baldintza horiek aldatzea lortzen den ala ez ikusiko da.