Tunelaren amaierako argia inoiz baino garbiago ikusten ari da Eurotunnel konpainia, noiz eta Britainia Handia kontinentearekin lotzen duen itsaspeko tunelak 20 urte bete dituenean. Mantxako kanalaren urpeko tunelarena ingeniaritza maisulan baten historia da, baina baita finantza porrot baten historia ere, bankarrotak tarteko. Hala ere, amaiera txukuna du 20 urteko kontakizunak. Iaz inoizko emaitzarik onenak lortu zituen Londres Parisekin eta Bruselarekin lotzen duen itsaspeko tunelak, eta pilatutako zor ikaragarria txikitzen doa. Argia, azkenean, finantza tunelaren amaieran.
Diru pribatu hutsez egin zen proiektua, 1986an Margaret Thatcher Erresuma Batuko lehen ministro kontserbadoreak eta Frantziako François Mitterrand sozialistak eman bazuten ere urpeko tunelaren eraikuntzaren berri. Londresek eta Parisek sinatutako itunak Eurotunnel taldeari eman zion urpeko tunela 2086ra arte ustiatzeko eskubidea. 1987an ehunka mila inbertitzaile txikik erosi zituzten Eurotunnelen akzioak, balio segurua zirelakoan. Baina okerrean zeuden: gurutze bide finantzario baten hasiera baino ez zen izan.
1988. urtean hasi ziren tunela zulatzen kanalaren bi bazterretan. Eurotunnelek hamar konpainia frantses eta britainiarrek osatutako TML partzuergoaren esku laga zituen eraikuntza lanak. Hasieran, lanen kostua 5.700 milioi eurokoa izatea espero zuen TMLk. Baina, azkenean, bikoiztu egin zen, 12.000 milioi eurotara iritsi arte. Akzioa 5,35 eurotan erosi zuten inbertitzaileek ikusi zuten zelan desegin zen euren aurrezki seguruaren balioa, Eurotunnelen akzioen prezioa zentimo gutxi batzuetara jaitsi baitzen denbora oso gutxian.
Faraonikoa zen egin beharreko azpiegitura: itsas hondotik batez beste 50 metro beherago —75 metrotara dago punturik sakonena— 38 kilometro luzeko hiru tunel zulatu behar izan zituzten. Bestelako garraioen trafikoa modu seguruan bermatzea zailegia zenez, tren bidezkoa da kanala urpetik gurutzatzeko aukera bakarra —kamioiak eta autoak tren barruan sartzen dituzte—. Noranzko bakoitzeko trenbideak dira hiru tuneletik bi, eta hirugarrena, beste bien tartean dagoena, larrialdietarako ebakuazio tunela da.
2013a, urterik onena
Sei urte iraun zuten lanek, eta 1994an hasi zen martxan tunela. Elizabeth II.a Erresuma Batuko erreginak egin zuen lehenengo bidaia urte hartako maiatzaren 6an. Londresen trena hartu eta hiru ordu geroago eskua estutu zion Mitterrandek Parisko Gard du Norden. Agurraren ostean, bi agintariek batera egin zuten Londreserako bueltako bidaia. Inaugurazio arranditsuaren ondoren, ordea, espero baino trafiko txikiagoa izan zuen, eta Eurotunnelen zorra handitzen hasi zen. 8.000 milioi euroko zuloa egin zuen. 2006an bankarrota deklaratu zuen, eta hala egon zen sei hilabetez. Denboraldi batez, burtsan kotizatzeari ere laga behar izan zion konpainiak. Hainbat zor kitatzeri esker, arazoa bideratzea lortu zuen 2007rako, eta urte horretan banatu zituen lehen dibidenduak, akziodunek espero zuten baino hamar urte geroago. Bidean, galera handiak izan zituzten inbertitzaileek.
Hain zuzen ere urte horretan, 2007an, hasi zen Mantxako kanaleko tunela enpresa bideragarri izaten. 2012a bereziki urte ona izan zen, Londresko Olinpiar Jokoak eta Elizabeth II.aren jubileu ospakizunek bultzatuta. Eurotunelaren irabazi garbiak %11 handitu ziren 2011rekiko, 34 milioitara iritsiz. 2012a urte berezia izaki, 2013an emaitza txarragoak izatea espero zuen zuzendaritzak, baina ez zen horrela gertatu. Iaz irabaziak hirukoiztu zituen. 101 milioi euro lortu zituen, baina 3.700 milioiko zorra du oraindik.
Dena dela, Jacques Gounon Eurotunneleko zuzendariak pozez iragarri zuen urtarrilean iazkoa "inoizko urterik onena" izan zela tunelarentzat. "Mila milioiko fakturazioa gainditu dugu ingurunea oso lehiakorra izan arren", azaldu zuen Gounonek. Izan ere, lehia handia dauka kanala itsasoz gurutzatzen duten autoen ferryekin zein hegazkin konpainiekin, baina iaz 20 milioi bidaiarik baino gehiagok aukeratu zuten tunela. Egunero 400 trenek gurutzatzen dute kanala, barruan 50.000 bidaiari, 6.000 auto, 180 autobus eta 54.000 tonako kargekin. Hogei urtean 325 milioi bidaiarik erabili dute tunela.
Proiektua, azkenean, "arrakasta handi bat" izan da, Jo Willacy Eurotunneleko zuzendari komertzialaren esanetan. Nabarmendu du gaur egun Ingalaterra eta Frantzia bereizten dituen kanala gurutzatzen duten bi autotik batek itsaspeko tuneletik egiten duela. "Kanala gurutzatzeko lehenengo aukera gara, zerbitzu azkarra eta sinplea daukagulako". Munduko trenbiderik erabiliena da, eta bertatik pasatzen den Eurostar abiadura handiko trenak bi ordu eta hogei minutuan lotzen ditu Londres eta Paris, eta bi ordu eta laurdenetan Brusela eta Londres. Itsaspeko tunelak 50,5 kilometro ditu, eta 35 minutuan gurutzatzen du trenak.