Turismoaren alorra errekor guztiak hausten ari dela ez da albiste jadanik, eta ekainak ere garbi utzi du turisten kopurua igo besterik ez dela egiten ari azken urteotan. Ekainean, 273.479 bisitari izan zituzten hotelek eta bestelako aterpeek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horrek esan nahi du aurreko urteko hil berean baino %6 gehiago iritsi direla (15.600 turista).
Lurralde guztietan ez da hazkunde bera egon, hala ere; Eustaten arabera, Bizkaiak izan du igoerarik handiena (%9,8); Gipuzkoan ere hazkundea egon da (%3,5); eta Araban, apenas egon den aldaketarik (%0,9). Bisitari horien egonaldia 1,94 egunekoa izan da, eta okupazioa, %59. Okupazio handiena, ohikoa denez, Donostiak izan du (%75); Bilbo %65ean geratu da, eta Gazteiz, %64an.
Hain zuzen, datu horietan ez dira islatzen legetik at alokatzen diren etxebizitza turistikoak, eta oraindik mordoa direla uste dute adituek, batez ere Donostian. Hiri horretan arazo larriak gertatzen ari dira jadanik hainbat auzotan turista uholdea dela eta, batez ere Parte Zaharrean, eta begien bistakoa da ekaineko igoerak segida izango duela uztailean, abuztuan eta irailean ere.