Turkiako Garanti bankuaren laurdena erosteko dirua eskatuko du BBVAk

Kapitala 5.000 milioi eurotan handitzeko 750 milioi titulu merkaturatuko ditu, bakoitza 6,75 euroan

2010eko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Krisiari hortzak erakutsi, eta negozioa hazten jarraitzeko prest da BBVA. Azken asteetan Turkiako Garanti bankuaren akziodun nagusiekin hizketan aritu da, eta haren laurdena erostea adostu dute azkenean, kapitalaren %24,8 zehazki. Erosketa 4.195 milioi euro kostako zaio BBVAri; ordaintzeko arazoak ekidite aldera, bere kapitala 5.000tik gora milioi eurotan handitzea erabaki du.

Espainiako Balio Merkatuko Batzordeak eman du erosketa operazioaren berri. Lehenengo urrats gisa, Dogus Holdingaren %6,29 bereganatuko du, 26.418 milioi titulu, 1.400 milioi euro inguru ordainduta. Harena da Garantiren kapitalaren %30,5.

Horrez gain, General Electricen kapitalaren %18,6 erosiko du,78.120 titulu, 2.700 milioi euroren truke. Duela bost urte, Garantiren %25,5 bereganatu zuen General Electric Capital konpainiak 2.700 milioieuro pagatuta, eta2007an, Dogusi saldu zion %4,65.

Bi erosketa operazio horiekin, Garantiren %24,8 eskuratuko du BBVAk, eta banku turkiarraren akziodunik handiena izango da Dogusekin batera -kapitalaren %24,8 izango du-. Gainontzeko zatia, erdia, beste akziodun batzuen esku egongo da, «bankuaren kapitala handitzea erabakitzen den artean behintzat». Hala zehaztu nahi izan du BBVAk, prentsa ohar batean.

Kudeaketan, pixkanaka

Kapitala hedatuko duena BBVA bera da. Operazio horretan, 749.593.824 titulu merkaturatuko ditu, bakoitza 6,75 euroan. Kapitala 5.059 milioi eurotan handitzea du helburu, «finantza baliabide gehiago eskura izan ditzan». Hasieran arrazoi hori eman du bankuak, baina gero onartu du baliabide horiek Garantiren zatia ordaintzeko erabili ditzakeela.

Garanti Turkiako bankuetan bigarren handiena da. Ekainaren bukaeran 60.000 bilioi euroren aktiboak zituen eta 9,5etik gora milioi bezero ditu.

BBVAren arabera, pixkanaka-pixkanaka sartuko da Turkiako erakundearen kudeaketan. Bi fasetan egitea pentsatu dute. Lehenik, administrazio kontseilurako lau ordezkari izendatuko ditu BBVAk eta beste horrenbeste Dogusek; horrela beteko dituzte bederatzitik zortzi eserleku. Azken ordezkaria nor izango den, berriz, bien artean hitzartuko dute; hasieran hark egingo ditu kontseilari ordezkariaren lanak.

BBVAk Garantin duen partaidetza handituko balu ekingo liokete bigarren faseari. Inoiz Dogusek baino %15eko partaidetza handiago izatea lortuko balu, admininistrazio kontseiluaren osaketa aldatu egingo lukete, BBVAk botere handiagoa izateko.

Nazioartera begira

Francisco Gonzalezek gidatzen duen bankua nazioartean hedatzeko urrats sendoak egiten ari da, eta horretan jarraitzeko intentzioa du. BBVA nazioartean zabaltzen doan neurrian, txikitzen joango daEspainiako adarrak haren kontuetan duen eragina. Gonzalezen hitzetan, «bost urte barru, Espainiaren ekarpena ez da iritsiko emaitzen %5era», beste leku batzuetan hazkunde handiagoa izango dutelako. Azaldu du Turkiako finantza sistema «oso egonkorra» dela, baina banku gutxi aritzen direla hango merkatuan. Horren adibide da mailegu baino gordailu gehiago daudela.

Pare bat urte barru Espainiako ekonomia %2 haziko dela ere adierazi du Gonzalezek. Hain zuzen , BBVAk orduan baliatuko ditu aurrezki kutxen sektorea berregituratzeak sortzen dituen aukerak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.