Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Sailak iruzurraren aurka egin eta txakolin gisa aurkeztu duten Termino de Miranda markaren komertzializazioa galarazteko eskatu dio Gaztela eta Leongo Gobernuari. Txakolina sor marka izena dela gogorarazi du, eta Getarian, Bizkaian eta Araban ekoizten diren ardo batzuek soilik erabil dezaketela dio.
Gaiaren inguruko ika-mikak orain hilabete batzuetatik datoz. EAJk legez besteko proposamen bat aurkeztu zuen Kongresuan. Hiru sor marken izenean, Europan beharrezko tramiteak egiteko eskatu zion Espainiako Gobernuari, txakolina izena babes zezan. Sor markako Euskal Herriko hiru gune horietan bakarrik erabili ahal izatea txakolin hitza eskatzen zuen proposamenak. Kantabriak segituan egin zuen protesta. Kantabriaren Interesen Defentsarako elkarteak izen hori erabiltzeko eskubidea aldarrikatu zuen, probintzia horretan XIX. mende amaierara arte ardo horren ekoizpena ohikoa zela esanez.
Termino de Miranda, kalean
Hautsak, ordea, beste gertaera batek harrotu ditu. Joan den ostegunean, Termino de Miranda txakolina aurkeztu zuten Miranda de Ebron (Burgos, Espainia), Gobernuaren babesarekin.700 botila jarriko dituzte merkatuan, hasiera batean jendeak dastatu dezan. Datorren urterako, ordea, 4.000 botilara igo nahi dute salmenta.
Rodolfo Condek, Mena haraneko txakolingileen elkarteko presidenteak, esan du mendeak daramatzatela eskualdean ardo hori ekoizten. Txakolina izenak modu batean ekoizten den ardoa definitzen duela uste du, eta beraz, ezin dela sor marka bezala bakarrik erabili. «Gure arbasoek ere txakolin hitza erabiltzen zuten», esan du.
Jaurlaritza urtarril hasieran bilduko da Getariako Txakolina, Bizkaiko Txakolina eta Arabako Txakolina elkarteetako ordezkariekin, eta orduan erabakiko du Termino de Mirandak zenbateko eragina izango duen eta zein neurri hartuko dituzten. Ez du baztertu auzitegietara jotzea.
'Txakolina' izena galarazteko eskatu dio Jaurlaritzak Burgosi
Txakolina sor markaren izena dela gogorarazi du, eta Getarian, Bizkaian eta Araban soilik erabil dezaketela dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu